Bihar egingo dute Amarozko eremu berrituaren irekiera ekitaldia

Ataria 2022ko urriaren 20a

Jolas gune berria eta erabilera anitzeko espazio gisa erabiltzeko estalpea eraiki ditu udalak Auzo-etxe eraikinaren ondoan. 18:00etan, 'Porrusalda erromeria' ikuskizun musikatua egingo dute bertan, haur zein familientzat.

Azken urteotan, Tolosako Udala Amarotz auzoko Auzo-Etxe eraikin ondoko espazioa eraberritu eta berrantolatzeko lanetan aritu da Tolosako Udala. Estalki berria eta naturan integratutako jolas-gunea eraiki ditu bertan. Horretarako, parte-hartze prozesua egin zuen auzotarrekin eta bertatik ateratako ondorio zein ekarpenei erantzunez diseinatu eta eraman ditu aurrera lanak, proiektua auzotarrekin partekatu eta haiekin adostu ondoren.

Eraikitako estalkia erabilera anitzeko espazio modura diseinatu dute, eta anfiteatro txiki bat eta harmailak ditu, auzoan antolatzen dituzten ekintzak bertan egin ahal izateko. Naturan integratutako jolas gunea, halaber, egurrez eraikitako elementuz osatuta dago, inguru naturala ahalik eta gehien errespetatuz, zuhaitzak mantenduz eta gune berde ahalik eta zabalena bermatuz.

Uda amaieratik daude, hain zuzen, bi espazio horiek erabilgarri, eta azken hilabete honetan, estalkiko harmailak jarri dituzte. Orain, berrantolaketa lan guztiak amaituta, irekiera ekitaldia antolatu du udalak, biharko. 18:00etan, Porrusalda erromeria ikuskizun musikatua egingo dute, Miruren telebista saioko abestiekin, haur eta familiei zuzenduta. Auzo-etxe eraikinaren ondoko estalpean izango da ekitaldia.

Eremuaren berrantolaketak jarraipena ematen die azken urteetan udalak auzoan egin dituen lanei, hala nola, frontoi inguruko eremuaren berreskuraketa, asfaltatze lan ugari eta Auzo-Etxearen berritzea. Lan horiek guztiek helburu dute tolosarrei eta, bereziki auzotarrei, gozamenerako, aisialdirako edota elkargunerako espazioak dituen auzoa eskaintzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!