ERREPORTAJEA

45 urte iraun duen lilura

Jon Miranda Labaien 2022ko urr. 23a, 07:59

'Jordi Bertran, txotxongilolariaren 45 urte' erakusketako irudia. J. MIRANDA

Jordi Bertran txotxongilolari eta musikari katalanaren ia mende erdiko ibilbidea biltzen duen erakusketa ikusgai dago 2023ko otsailaren 28ra bitartean Tolosako Topic zentroan. Harizko txotxongiloak dira nagusi.

Datorren urteko otsailaren 28ra arte Jordi Bertran, txotxongilolariaren 45 urte erakusketa izango da ikusgai Tolosako Topic-eko Ekaitz aretoan. Erakusketa osatzeko Anbigu aretoan titiritero katalanak sortutako hainbat obren kartelak daude ikusgai, eta bideo labur bat, Bertranen obra ikoniko batzuen irudiak biltzen dira bertan.

Jordi Bertran (Bartzelona, 1952) titiritero eta musikaria da, artista talde askorekin kolaboratu du eta 1987tik bere konpainia propioa du. «Kataluniako entzutetsuenetakoa da eta munduko arte eszeniko jaialdi garrantzitsuenetan parte hartu du», esan du Iñigo Aginagalde Topic-eko museo saileko arduradunak. «50 herrialde baino gehiagotan egon da bere konpainia eta mundu osoko telebistako programetan aritu izan dira». Otsailera bitartean ikusgai izango den erakusketak Bertranen ibilbide artistikoari errepaso kronologikoa ematen zaio eta 51 txotxongilok osatzen dute.

Kontatzen du Bertranek 1977ko apirileko ilunabar batean topatu zuela «txotxongiloen boterea». Bartzelonako Rambletan paseatzen ari zela, zerbaiti begira zeuden pertsona batzuk ikusi zituen. Gerturatu eta 60 zentimetro inguruko altuera zuen suge-sorgintzaile bat ikusi zuen, hari batzuetatik zintzilik, bizitza propioa zuena, graziaz mugitzen. Bertranek dio berehala liluratu zela. Pepe Otal eta bere Grupo Taller de Marionetas taldeko kideak ziren Rambletan ikuskizuna eskaintzen ari zirenak. Barceloneta auzoan eskola zahar batean bizi zen taldea garai horretan, ohiko arau eta konbentzioetatik kanpo, eta Jordi Bertran haiekin hasi zen lanean, nagusiki, musikari gisa. «Segituan erakarri zuten txotxongiloek eta txotxongiloen komunikazio gaitasun horrek erakarrita, Otalen eskutik lehenengo txotxongilo eraikuntza klaseak jaso zituen», dio Aginagaldek.

Grupo Taller de Mariones taldetik bereizi eta 1978ko abuztuan Col-lectiu D'Animació sortzea erabaki zuen Bertranek, Carles Cañellas, Gemma Beltran, Yolanda Fontanillas, Josep eta David Ventura eta Llátzer Torrenterekin batera. Tailerra eta etxebizitza partekatzen zituzten komuna-erregimenean, urte haietako gazte askok egiten zuten bezala. Saxoa eta mandolina jotzen ikasi zuen eta ikuskizunetarako musika ere konposatu zuen.

1979ko abuztuan Els Farsant taldearen sorreran hartu zuen parte eta txotxongiloak eraikitzeko tailerrean sartu zen, aurrez Pepe Otal eta Carles Cañellasekin ikasitakoa praktikan jartzeko. Topic-eko museo saileko arduradunak aipatu duenez, Bertranek bere ibilbidean, nagusiki, harizko txotxongiloak erabili izan ditu eta erakusketan ikusgai diren gehienak ere mota horretakoak dira. El Farsant taldean eman zituen zortzi urteetan txotxongilo asko eraiki zituen Bertranek eta ezagunenetako bat Bufaplanetes izenekoa izan zen, Pep Bou xaboi burbuilekin lan egiten zuen artistaren erretratua.

‘Poemes Visuals’ obrako pieza besteekin batera jarri dute ikusgai; Topic-eko erakusketa iraunkorreko parte da. J. MIRANDA

Hain zuzen, txotxongilo hori egon zen, beste hainbatekin batera, Anthology ikuskizunaren oinarrian. Urte hartan, 1986an Bartzelonako Nazioarteko Txotxongilo jaialdian bakarrik aritu zen Hertha Frankelen konpainiarekin agertokia partekatuz. Ondoren, Tarregako Antzerki Azokan egin zuen bere lehen emanaldia Anthology ikuskizunarekin. «Laster zabaldu zitzaizkigun munduko merkatuaren ateak», nabarmendu du Aginagaldek. 1987an Serra D'or e la Critica saria jaso zuen Bertranek, bere ibilbideko garrantzitsuenetako bat. Gerora, 1991ean XII. Festival Performance d´Acteur jaialdian sari berezia eskuratu zuen, eta 1998an, berriz Herbeheretako Meppeleko Poppenspelfestival jaialdiko epaimahaiaren saria.

Konpainiaren sorrera

Bertranek 1987a bertan sortu zuen bere konpainia, harizko txotxongiloen artea zabaltzeko eta publiko helduarengana iristeko asmoz. Ibilbide artistiko horretan hainbat obra landu ditu, besteak beste, Poemes Visuals (1994), Supermonstres (1997), L'avar (2000), Poti Poti Tatanet (2005), Ofèlia (2007), L'alè dels fils (2009), Marc (2009), Strada (2014), Estem Salvats (2011), Circus (2015) edota Power Point (2021).

Txikienentzat diseinatutako Poti Poti Tatanet ikuskizunarekin XXI. Vall d'Albaidako Mostra de Titelles jaialdian manipulazio eta interpretazio onenaren saria irabazi zuen Bertranek. «Energia eta pasio berarekin jarraitu du bere sormen lanarekin. Mundu osoan bidaiatu du eta txotxongilo eta arte eszenikoen jaialdi garrantzitsuenetan parte hartu izan du. Titirijai jaialdian ere izana da, hemen Tolosan», aipatu du Aginagaldek.

Entzutetsua da txotxongiloen munduan Bertranen izena eta harreman estua izan du urte guzti hauetan Topic-ekin. Txotxongiloen Nazioarteko Zentroko erakusketa iraunkorrean Poemes Visuals ikuskizunerako sortutako obretako bat egoten da ikusgai. Okasio honetarako lekualdatu dute eta Bertranen gainerako obrekin batera jarri dute Ekaitz aretoan. «Jordi bera arduratu da bere ibilbidean zehar esanguratsuenak izan diren txotxongilo eta obrak aukeratzen. Muntaiaren unean egon da eta baita inaugurazio ekitaldian ere». Autoreak bere ibilbide artistikoaren atzera begirako ikuspegi bat proposatzen du txotxongiloen, objektuen, prentsaren, bideoen eta argazkien bidez. Bere lanik aipagarrienak jasotzen dira erakusketan eta bere sormen proiektuetan lankide izan dituen pertsonen bitartez egiten da kontakizuna. «Jordi Bertran txotxongilari eta musikariak 45 urtetan zehar egindako lan bikainaren bilduma bat eskaintzeaz harro gaude. Erakusketa honetan, zalantzarik gabe, inor axolagabe utziko ez duten pieza bikainak eta bitxiak aurkituko ditu ikusleak».

ANTHOLOGY, 1987

Anthology, Jordi Bertranen estreinako lan luzea da, 1987an estreinatu zen eta errepertorioan jarraitzen du gaur egun, hogei urte baino gehiagoz bost kontinenteetako agertokiak bisitatuz.

Kabaretaren formulan egituratuta, eszenak bata bestearen atzetik doaz kadentzia zehatz batekin, ikuskizunaren erritmoa bera eta titiriteroak birsortutako pertsonaia bakoitzaren karga emozionalarekin batuz, hari bidez bizia emanez eszenari: irudimen kolektiboan ezagunak eta presente dauden pertsonaiak, zirkuaren, antzerkiaren eta kulturaren munduan inspiratutako pertsonaia anonimoak ageri dira.

POEMES VISUALS, 1994

Joan Brossa poeta katalanaren poemen magian inspiratuta dago ikuskizuna, poetaren poesia bisuala ilustratzen duten letra multzoa oinarri hartuta.

Poeta baten papera jokatzen duen aktore-musikari batekin hasten da emanaldia; aparrezko letrez betetako maleta bat darama berekin eta haien soinu eta formekin jolasten hasten da, hizkietatik hitzak eraiki beharrik gabe poesia sor dezakeela deskubrituko du.

Ekintza dramatikoz betetako unibertsoa sortuz, erakutsi nahi da letrekin ez direla soilik paperak eta ordenagailuak betetzeko, mundu sentikor bat ere sortu daitekeela haiekin, erabateko sinpletasunez.

CIRCUS (2015)

Adierazpen artistikoko bi teknikekin esperimentatzeko obra da: pailazoa eta txotxongiloa. Chaplin, Lloid, Keaton, Marx Brothers, Rivel, Tatí... bezalako maisuengandik ikasitakoa erakusten du Bertranek lan honetan.

Eta horiekin guztiekin batera, bere aitarengandik, Ferran Bertranengandik ikasitakoa. Hark familiako afalosteetan, mahai gainean egiten zituen jolasak gogoratzen ditu semeak, non barruan zeraman arte guztia azalerazten zuen, ezpain zapi soil baten laguntzaz.

POWER POINT (2021)

Hainbat urteko ikerketaren ostean, titiritero beteranoak Power Point ikuskizunean istorio batzuk aurkezten ditu.

Eskuen, gitarra baten eta puntuen indarraren laguntzaz, benetako izakiei bizia emango die, haiekin punteriaz betetako istorio dibertigarri eta erromantikoak interpretatzeko.

Sormenezko munduan zehar egindako bidaia, antzerki jite handiko pertsonaiak, dibertigarriak eta kontraesankorrak, samurtasunez eta ezkutuko gatazkaz betetako pertsonaiak agertuko dira bertan.

 

JORDI BERTRAN, TXOTXONGILOLARIAREN 45 URTE

TOLOSA. TOPIC 

Ordutegia.

Lan egunetan: 10:00-13:00 eta 16:00-19:00

Asteburu eta jai egunetan: 10:00-14:00 eta 15:30-19:30.

*Itxita astelehenero, urtarrilak 1, abenduak 25 eta Inauterietan.

Abenduak 24 eta 31n arratsaldez itxita.

Iraupena.

Irailaren 30etik otsailaren 28ra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!