Tolosa CF mendeurrena

San Frantzisko pasealekua atletismo pista bihurtuko dute

Imanol Garcia Landa 2022ko urr. 18a, 19:59
IƱaki Martixa eta Ander Ortiz, 4x400 metroko probaren aurkezpenean.

Tolosa CF-ren mendeurrenaren harira, Atletismo sailekoek 4x400 metroko proba antolatu dute. Larunbat honetan egingo da eta oraindik izena emateko aukera dago.

«Atletismoa pistan egin ohi da, baina pentsatu dugu atletismoa tolosar guztien aurrean egitea, eta horretarako proba San Frantzisko pasealekuan egitea pentsatu dugu», esan du Iñaki Martixa Tolosa CF-ko lehendakariak. Hiru mailetan banatu dute proba. Batetik, gazteena, 2004-2008 urteetan jaiotakoak. Bestetik, kuadrillen maila, eta hor sartuko lirateke edozein herritarrez osatutako taldeak. Eta azken maila klubena izango da, eta hor sartuko dira federatuta daudenak.

Taldeen aurkezpena 16:30ean izango da eta saioak 17:00etan hasiko dira. Lehenbizi finalerdiak egingo dira, eta maila bakoitzean hiru izango dira. Maila bakoitzeko lehen bi sailkatuak finalean ariko dira; finaleko hiru lehenengoek sariak jasoko dituzte, eta afari bat izango dute herriko elkarte batean. Proban parte hartzen duten guztiek jasoko dute mendeurreneko kamiseta. Finalak 18:30ak inguruan hasiko direla aurreikusten dute. Ander Ortiz Atletismo saileko kideak tolosarrei zein inguruko herrietako biztanleei parte hartzera animatu die. Martixak gaineratu duenez, «aukera polita da gazteentzat atletismoa probatzeko». Proba taldean egingo dela ekarri du gogora Ortizek, erreleboka izango denez. «Taldeak mistoak izango dira, eta 400 metro pista osoari buelta bat ematea da. Jende askok ez du ezagutzen neurri hau, eta horregatik, kros bat egin beharrean horrelako proba bat antolatzea pentsatu dugu. Helburua jende gazteen artean lehia sano bat sortzea da eta festa moduko bat bihurtzea».

Izena emateko epea zabaldu egin dute larunbateraino, eta egunean bertan ere eman ahalko da. «Herritarrak kirola eginez mendeurrenean parte hartzeko modu polita dela iruditzen zaigu. Beraz, ez zalantzarik izan eta eman izena lasai», esan du Ortizek. Internet bidez eman ahalko da bakarrik izena, eta horretarako galdetegia prestatu dute.

Mendeurreneko eskulturaren inaugurazioa

Larunbatean bertan, 11:00etan, mendeurreneko eskulturaren inaugurazioa egingo dute. Tolosa CF Plazan jarriko da, Berazubi estadioren ondoan, Berazubi auzoaren aldean dagoen atearen ondoan, eta klubetik azaldu dute «ekitaldi xume» bat egingo dutela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!