ELKARRIZKETA

«Bezero bat baino gehiago erosoago sentitu da kartelak euskaraz ikusita»

Jon Miranda / Irati Saizar Artola 2022ko urriaren 19a

Ibarrako, Tolosako eta Villabonako fruta dendak 'Nire frutak zuretzat' kanpainan ari dira parte hartzen; Tolosan fruta denda duen Sergio Santoro saltzailea da parte hartzaile bat.

Hogeita zazpi saltoki ari dira kanpainan parte hartzen, eta urriaren 28ra bitarte barazki eta fruta sortak zozketatzen ari dira. Tolosako Larramendi auzoko 2. zenbakian dagoen Oiz Elikadura Hobea dendako saltzailea da Sergio Santoro (Rosario, Argentina, 1978). Kanpaina amaituagatik, euskarazko kartelek dendan jarraituko dutela esan du.

Zergatik erabaki duzu kanpaina honetan parte hartzea?

Batzen duen guztia hoberako dela uste dudalako.

Jendeak eskertzen du zure dendan kartelak euskaraz egotea?

Jakina. Badakit bezero bat baino gehiago erosoago sentitu dela nire dendako kartelak euskaraz irakurtzean. Printzipioz, eskertu egiten dute, komunitatearekiko keinu bat delako. Nire kasuan, atzerritar gisa ere, keinu bat dela uste dut horretan ahalegintzea, euskara neureganatzen saiatzeagatik.

Kanpainarekin ikasi duzu zerbait euskaraz?

Bezeroarekin lehen harremanak euskaraz izaten saiatzen naiz beti. Hori bai, euskara maila nahiko mugatua daukat, baina egunez egun hobetu dezadan ahalegintzen naiz. Goizetan, arratsaldeetan edota gauetan jendea euskaraz nola agurtu ikasi dut esaterako.

Saririk banatu duzu jada?

Bai, zozketak astero egiten ari gara kanpainak irauten duen bitartean. Astero bezero bat saritzen da, eta sarituak oso pozik jartzen dira. Eta ez bakarrik sariagatik, baizik eta horrek dakarren ilusioagatik eta jokoagatik, Zozketak une atseginak pasatzea eta harremanak sortzea ekarri dizkit.

Eta ze sari banatu dituzu?

Nire kasuan, nire dendan, beraiek aukeratu ahal dute saria. 15 euroko balioan, fruta edo dendan saltzen den beste edozein artikulu aukeratu dezakete. Fruta hartzen dute gehienbat, edo bestela galletak eta meriendako produktuak eraman ditu jendeak.

Kanpaina bukatzen denean jarraituko duzu kartelak euskaraz mantentzen?

Bai horixe. Garrantzitsua da errotulazioa euskaraz egotea eta baita produktuaren prezioa bertan agertzea ere. Mantendu egingo dut, bai Tolosa eta inguruko bezeroentzat eta horrela, euskarara egiten ari naizen hurbilketa hori hobetzen joateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!