Mundu mailako errekorra lortu nahian itzuliko da Mikologika

Tolosaldeko Ataria 2022ko urr. 18a, 15:57

Tolosako Casino elkarteak perretxikoen mundua gehiago ezagutarazteko helburuarekin, egitarau oparoa antolatu du urriaren 20tik 22ra. Adin guztietako herritarrek parte hartu ahalko dute ekitaldietan.

Mikologia egunak izango dira ondorengoak Tolosan. Ostegunean, Sonia Tapia eta Xabier Martinez sukaldariek ikastaroa eskainiko dute elkartekide eta laguntzaileentzat. Ostiralean, mendira joateko deialdia egin dute, eta iluntzean, Zumardi Txikian Txanpi-Onfest-a egongo da, musika eta guzti. Larunbata izango da Mikologika 2022ren azken eguna. Eta bertan saiatuko dira munduko errekorra jartzen: «Baietz munduan inoiz prestatu den saltsan egindako txanpiñoi kazola handiena lortu?». 

Tolosako dendariek ere bat egin dute Mikologikarekin, eta gaiari lotuta, erakusleihoak apaintzen hasi ziren urriaren 17an. Lehiaketako irabazleak zeintzuk diren larunbatean jakingo da.

Mikologika 2022ren aurkezpen ekitaldian, Joxe Mendizabal Casino elkarteko kideak, Xarles Iturbe Tolosako Udaleko Merkataritza, feriak eta turismo saileko zinegotziak eta Garbiñe Mozo Tolosa &Co elkarteko presidenteak hartu dute parte. 

Mendizabalek gogoratu duenez, azken Mikologika 2019an antolatu zuten. Ekimena berreskuratzeko asmoz, hiru egunetako egitaraua antolatu dute aurtengoan. Parte hartzeko deialdia ere zabaldu du Casinoko kideak. Osteguneko sukaldaritza tailerrean izena eman nahi duenak, Casinoko web orrian izango du horretarako aukera.

Iturbek udalaren izenean hitz egin du, eta pozik agertu da: «Mikologika herri honetan eta Tolosako udazkenetan zeharo txertatua dago. Bere leku propioa dauka, baita gure imajinarioan ere. Gure poza azaldu nahi dugu, beraz, Mikologika bere distira guztiarekin itzuliko delako Tolosako agendara».

EGITARAUA

Urriak 20, osteguna

  • 19:00. Tolosako Casino elkartean, Sonia Tapia eta Xabier Martinez sukaldarien eskutik, perretxikoetan oinarritutako sukaldaritza tailerra elkartekide eta laguntzaileentzat.

Urriak 21, ostirala

  • 09:00. Tolosako ikastetxeetako DBH. 1go mailako ikasleak perretxikoak biltzera irtengo dira. Arratsaldean, Aranzadiko kideek Casino Elkartean sailkatuko dituzte bildutako perretxikoak.
  • 19:30. Zumardi Txikian, Txanpi-Onfest. Food truck-ak eta zuzeneko musika: Black Gamba eta Fresa Morango DJ-arekin.

Urriak 22, larunbata

  • 10:00. Marka saiakera Trianguloan: Baietz munduan inoiz prestatu den saltsan egindako txanpiñoi kazola handiena lortu, hau da, 350 kilo.
  • 12:00. Mikologika azoka Trianguloan. Perretxiko desberdinekin sukaldatutako pintxo dastaketa.
  • Ordu eta leku berean, eskualdeko ikasleek bezperan bildutako perretxikoen erakusketa.
  • Haurrentzako eskulan tailerra: Mikologika Totebag boltsen margotzea.
  • 13:00. Mikologika 2022, erakusleiho lehiaketaren sari banaketa.

ERAKUSLEIHO LEHIAKETA

Tolosa & Co-k ere bat egin du Mikologikarekin, Garbiñe Mozo elkarteko presidenteak azaldu duen bezala. Urriaren 17etik 22ra, hamaika dendak erakusleihoak apaindurik edukiko dituzte, udazken kolorea emanaz. Lehiaketan ondorengo dendek hartuko dute parte:

  • Azpiroz Farmazia
  • Elkar
  • Arteka
  • Zuzeu ileapaindegia
  • Muñazabal Burdindegia
  • Xarma
  • Arretxe Mertzería
  • BáB
  • Kimetz
  • Lara
  • Kirei Edergunea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!