Helduak, teknologia eta seme-alabak hizpide, bihar, Topic-en

Ataria 2022ko urriaren 18a

Mahai ingurua egingo dute Tolosatzen Eskola Irekiaren baitan, 18:30ean hasita. Sarrera doakoa da eta 'Altxa burua!' proiektua aurkezteko baliatuko dute.

Gaur egun, Internet zein mugikorraren erabilera goiztiarra kezka orokorra bilakatzen ari da, are gehiago haur, nerabe edota gazteen gurasoentzat. Hori horrela izanik, Tolosako hiru ikastetxeetako guraso elkarteak eta Tolosako Udalak Altxa burua! ekimena abiatu dute, Tolosatzen Eskola Irekiaren egitarauaren baitan. Horrela, bihar, helduak, teknologia eta seme-alabak hizpide izango duen mahai-ingurua egingo dute Topic-en.

Jardunaldia doakoa izango da eta bertan parte hartuko dute Telmo Lazkanok, bigarren hezkuntzako irakasle eta No Phone challenge proiektuaren sortzaileak, Jon Bustillok, EHUko ikerlari eta irakasleak, eta Miren Ros hezitzaileak. Hirurek mugikorraren erabilera desegokiak sortzen dituen ondorioak aztertuko dituzte bertaratzen diren guztiekin.

Mahai-ingurua arratsaldeko 18:30ean hasiko da eta Tolosatzen Eskola Irekiaren baitan kokatuko den hitzaldi sortako lehena izango da, 2022-2023 ikasturterako beste hainbat hitzaldi zein jardunaldi aurreikusi baitituzte. Egitarauaren berri aurrerago emango du udalak. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!