Tolosa berri bat sortu nahi dute birziklatutako materialekin

Ataria 2022ko urr. 18a, 11:58

Gulliver eta Unia Teatr Niemozliwy anaiek eta David Zuazolak 'Argien Hiria' koprodukzioa eramango dute Topic museora, urriaren 24tik 28ra, eta tailer bat egingo dute.

Argien Hiria koprodukzio espainiar-poloniarra da, Gulliver eta Unia Teatr Niemozliwy anaiek eta David Zuazolak iaz Varsovian (Polonia) sortutakoa. Orain arte, Varsovian ez ezik, Sarajevon (Bosnia-Herzegovina) eta Timisoaran (Errumania) ere aurkeztu dute proiektua.

Bada, orain, Tolosara ekarriko dute. Urriaren 24an (astelehena), Topic museora joango dira, eta bertan egongo dira hilaren 28ra (ostirala) bitarte. Tailer bat egingo dute, publiko guztiarentzat irekia izango dena; 17:30ean hasiko dira saioak. Tailer honen helburua birziklapenezko hiri bat sortzea da, biztanleek beren hiriari buruz duten ikuspegiarekin. Kasu honetan, Tolosa sortuko dute. Ondoren, egindako lanarekin, txotxongiloen emanaldi bat egingo da Titririjai jaialdian.

Nazioarteko proiektu hau lau etapatan dago banatuta:

  • 1. etapa: Tailer presentzialak. Adin askotariko eta alor desberdinetan lan egiten duten herritarrak bildu nahi dituzte antolatzaileek tailerretan. Tailerren iraupena eta parte hartzaileen kopurua bi aldeek adostutakoa izango da. Parte hartzaileek eraman beharko dute birziklatutako materiala tailerrera. Bertan, ondorengo galderak erantzun beharko dituzte: Zer transmititzen dizu zure hiriak? Nola sentitzen zara bertan? Nolakoa izatea nahiko zenuke? Ondoren materiala lantzen hasiko dira: eraikinak, parkeak, zubiak, kaleak, autoak, biztanleak, makinak... Gainera, usainak, zaporeak edota soinuak inprimatuko dituzte. Guztiontzako habitat komun bat lortzea izango da helburua.
  • 2. etapa: Instalakuntza. Parte hartzaileek bere sormen lanak amaitutakoan, Zuazolaren laguntzarekin, lan horiek kokatzen hasiko dira, hiria sortzen hasteko. Ondoren, parte hartzaileek testu bat idatziko dute, begien aurrean dutenak sentiarazten diena azalduz. Amaitzeko, argiztatze eta mugimendu lanak egingo dituzte Zuazolarekin batera.
  • 3. etapa: Aurkezpena. Hiru modutara aurkeztu ahal izango die hiria ikusleei: Erakusketa finko bidez, erakusketa interaktibo bidez (ikusleek ematen diote bizia hiriari), edo txotxongiloen emanaldi bat eginez.
  • 4. etapa: Nazioarteko bateratzea. Gutxienez 30 hirietan proiektua aurrera eramanez gero, Hiria, gure mundua izeneko instalakuntza erraldoi bat egitea da antolatzaileen asmoa. Hiri guztietako sormen lanak bateratuko lituzkete.

Esteka honetan egin daiteke tailerrerako izen-ematea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!