Larrarte «frustratuta», Munduko Txapelketan lortutako emaitzekin

Ataria 2022ko urr. 18a, 07:58

Eukene Larrarte, Pistako Munduko Txapelketan, Parisen

Parisen jokatu da Munduko Pista Txapelketa eta Eukene Larrarte txirrindulari tolosarrak hiru probetan parte hartu du; ez da gustura geratu lortu dituen emaitzekin

Bigarren aldiz parte hartu du Eukene Larrarte txirrindulari tolosarrak Munduko Pista Txapelketan. Hiru probatan parte hartu du Parisen jokatutako txapelketan, eta orokorrean «frustratuta» sentitu da lortu duen emaitzarekin. Berak egin nahi zuen egitaraua ez du guztiz egin, Espainiako hautatzaileak hartutako erabakiengatik, eta egoerara moldatzen saiatu dela azaldu du.

Lehen egunean taldekako jazarpenean eta scratchean parte hartu zuen Larrartek, eta lehenengoan erorikoa izan zuen. Taldekako jazarpenean Tania Calvo, Ziortza Isasi eta Isabella Escalera txirrindulariekin batera parte hartu zuen, eta erorikoa izan arren Espainiako marka hautsi zuten, 4.35.662ko denboran utziz (aurrekoa 4.36.384 zen). Marka horrekin 12. postua lortu zuten proba horretan.

Erorikoak ez zion ondorio larritik utzi eta scratch proban parte hartu zuen, 21. postuan geratuz. «Lasterketa horren ezaugarriengatik pixka bat zaila da korritzeko. Oso taktikoa da, normalean esprint batean bukatzen da, eta horiek ez dira nire ezaugarri indartsuenak», esan du tolosarrak. «Erasokor jokatu nahi nuen, hori batzuetan ere ondo ateratzen delako, baina ez zen posible izan».

Hirugarren proba omniuma izan zen, berarentzat «garrantzitsuena». Madison proba ere izaten da pistan, eta hor ezin izan du parte hartu: abuztuan Europako Txapelketan izandako erorikoaren ondorioz sorbaldan hezur edema bat du, eta oraindik ez dago eskuarekin zerikusia duten mugimenduak egiteko.

Omniuma «nahiko frustragarria» izan zen, gorputzak eta emaitzek ez baitzuten bat egiten: «Lasterketako parte izan nintzen eta jokoan sartu nintzen, baina proba bakoitzeko egoerengatik ez zitzaidan emaitza hobea atera, eta ezta azken sailkapen orokorrean ere. Azken proban oso gertu egon nintzen itzulia hartzeko, baina aurretik lau joan ziren, gero ni beste batekin atzetik, eta gu biak ez ginelako aurreneko taldean sartu, ez genuen itzulia hartu». Lau proba ditu omniumak, eta proba bakoitzean «xehetasun batzuengatik, taktika, estrategia, erabaki azkarrengatik» ez zuen lortu nahi izan zuena. Sailkapen orokorrean 17. bukatu zuen. «Pena horregatik dut, aurten salto nahiko handi bat egin dudalako orokorrean», esan du Larrartek. «Nazioarte mailan omnium oso onak egin ditut, baina Munduko Txapelketa egun bat da eta munduko onenak daude. Triste bukatu nuen, baina orain hotzean pentsatuta, balantze orokor bat eginez, oso pozik egon naiteke aurten egindakoarekin».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!