Peña II.ak ez du Lau eta Erdiko Txapelketa jokatzen jarraituko

Ataria 2022ko urr. 17a, 22:44

Pilotari tolosarrak txapelketa utzi behar izan du, zuntz haustura batengatik. Ondorioz, Altuna III.ak atzo lortutako garaipena ez da kontuan hartuko. 

Jon Ander Peña Peña II.ak uko egin dio Lau eta Erdiko Eusko Label Txapelketa jokatzen jarraitzeari. Pilotari tolosarrari gaur egin dizkioten azterketen arabera, zuntz-haustura txiki bat du eskuin izterrean eta, ondorioz, kantxetatik kanpo egon beharko du datozen asteetan. Enpresak igorritako oharrean ez dute sendatze-denbora zehaztu, fisioterapia tratamenduari ekin diola baino ez du aipatzen, baina txapelketan jarraitzea baztertuta, atzoko Jokin Altunaren aurkako partidak balioa galdu du. Hori dela eta, amezketarrak, Peio Etxeberriarekin eta Dariorekin batera hiruko ligaxka osatuko dute, finalerdietarako bi txartelak jokatuz.

Txapelketaren araudiak honako hau dio: «Final-laurdenetako ligaxkaren lehen jardunaldiaren ondoren pilotariren batek ezin badu txapelketan jarraitu, final-laurdenetako-ligaxkaren sailkapena burutzeko txapelketan jarraitzen duten pilotarien emaitzak baino ez dira kontuan hartuko, erretiratutako pilotariaren kontra lortutako emaitza baztertuz».

Astebururako programatutako jaialdien kasuan, oraingoz, enpresek ez dute ezer adierazi, baina litekeena da bigarren jardunaldiak aldaketak izatea, ostiralean Tafallan jokatzekoa zen partida bertan behera geratu baita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!