'Zaindu Tolosa', txakur gorotzen arazoari aurre egiteko

Ataria 2022ko urr. 18a, 07:59

Tolosako Udalak, hezitzaile eta udaltzainen laguntzaz, kanpaina berria jarri du martxan. Datozen bi asteetan, kalean informazioa emateaz gain, arau-hausteen aurrean neurriak hartuko dituzte; 600 euro arteko isunak jarri ahal izango dituzte.

Tolosan txakur kopuruak nabarmen egin du gora azken urteotan. 2.000 txakur baino gehiago daude herrian; hori dela eta, azken urteotan Tolosako Udalak lan lerro ezberdinak abiarazi ditu elkarbizitza bermatzeko. Iaz, animalien jabetza arduratsua sustatzeko Txakur eredugarria programa jarri zuen martxan. Programa honen baitan, txakur jabeei zuzendutako heziketa saioak eskaini zituzten, txakurrak modu egokian eraman ditzaten jabeek kalean, paseo ohitura egokiak indartu eta jabeek beren txakurrak hezteko baliabideak izan ditzaten. Era berean, txakur parkeak egokitu zituzten Larramendi eta San Esteban auzoetan, txakurrek eurentzat diren eremu propioak izan ditzaten, lasterka aritu eta jolasteko.

Eremu publikoan jaso gabe uzten diren gorotzen arazoaren aurrean, herritarrek eta bereziki merkatariek azaldutako ezinegonari erantzuteko, Zaindu Tolosa kanpaina abiarazi du udalak. Alde batetik, kartelak jarriko dituzte herriko informazio guneetan eta eraikin publikoetan, eta informazio paneletan sentsibilizazio bideoak zabalduko dituzte. Merkatariek ere bat egin dute kanpainarekin eta kartelak jarriko dituzte beren erakusleihoetan, herritarrak kontzientziatu eta herria txukun mantentzeko zereginean, txakur jabeak konplize bihurtzeko helburuarekin.

Xarles Iturbe, Merkataritza, Feriak eta Turismoa saileko zinegotziak azpimarratu du merkataritza ehun sendoa duela Tolosak. «Merkatariak funtsezko eragileak dira eta kalean utzitako zabor poltsen eta txakur gorotzen eta txizen arazoak zuzenean eragiten die beraiei, baita bizilagunei eta herritar orori ere. Hori dela eta abiatu dugu kanpaina berria, herritarren kezkari erantzuteko, kaleak guztionak direla aldarrikatzeko eta herria txukun eta garbi mantentzea guztion ardura eta zeregina dela ikusarazteko; horrelako jokabideek elkarbizitza urratzen baitute eta elkar-errespetua funtsezkoa da elkarbizitza bermatzeko», adierrazi du Iturbek.

Toilekanak erabiltzeko deia

Patxi Amantegi ingurumen zinegotziak azaldu ditu kanpainaren xehetasunak. Kanpaina atzo hasi zen eta bi aste osoz, goiz eta arratsaldez, hezitzaileak kalean arituko dira, udaltzainen laguntzarekin, txakur jabeak informatzen, arau-hausteen aurrean isunak jartzeko. Indarrean dagoen ordenantzaren arabera, gorotzak edozein plaza, parke edota pertsonen joan-etorrietarako lekuetan uzteagatik, 600 euro arteko isunak jarri ahal izango dituzte.

«Txakur jabeen ardura da txakurrek beren beharrak modu eta leku egokian egitea; pixa iragazkorra den eremu batean egin behar dute txakurrek, inoiz ez etxeetako edo komertzioetako fatxadetan eta jabearen ardura da txakur gorotzak biltzea. Txakur gorotzak beti jaso behar dira eta errefusaren ontzira edo Toilekan batera bota behar dira», esan du Amantegik. Guztira, 25 Toilekan daude herrian zehar banatuta, errefusaren edukiontziez gain. Toilekanen inguruko, zein bete beharreko arauen eta arau-hausteen ondorioen inguruko informazioa emango diete hezitzaileek txakur jabeei, esku-orri baten bidez.

Kanpainak helburu bikoitza du: txakur jabeak informatu, sentsibilizatu eta konplize egitea eta  arau-hausteen aurrean neurriak hartzea (isunak), espazio publikoa txukun eta garbi mantentzeko. Izan lotsa, sartu ondo poltsa eta Zaindu zure herria, mugitu gerria lelopean, kartelak jarriko dituzte herriko informazio guneetan, herritarrei gogorarazteko zabor poltsak edukiontzietan bota behar direla. «Alde Zaharrean kalean utzitako edota paperontzietan botatako poltsa kopurua ugaritu egin da, eta norbere ardura da zabor poltsak dagokien edukiontzietan botatzea», azpimarratu du ingurumen zinegotziak.

'Txakur eredugarria'

Txakur gorotzen aurkako kanpainarekin batera, Txakur eredugarria programaren heziketa saio berriak izango dira, Xabier Arrese txakur hezitzailearen laguntzarekin. Urriaren 24tik urte bukaerara bitarte formakuntza saio berriak eskainiko ditu Arresek. Doako saioak izango dira, eta astelehenetan 18:00etan hasiko dira, Zerkausian. «Formakuntza saio hauetan txakurrak estimulu desberdinen aurrean jartzen dira, eta ariketa desberdinen bitartez, ohitura onak hartzen ikasten dute», azaldu du hezitzaileak.

Saio bakoitzak ordubeteko iraupena izango du eta Tolosako kaleetan zehar txakurrarekin ibiliz ariketa praktikoak egingo dituzte. Halaber, saio horiek baliatuko dituzte txakur jabeei kalean bete beharreko arauak gogorarazteko. Bi bide daude programan izena emateko: info@kangune.eus helbide elektronikora mezua bidaliz edo 606 851 310 telefono zenbakira deituz. Urriaren 21a da izena emateko azken eguna.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!