Elkartasuna mokadu batean

Jon Miranda Labaien 2022ko urriaren 15a

Zutani elkarteak Pintxo Tour ekimena egin du Tolosako Alondegia plazan. Kultur aniztasuna eta elkartasuna bultzatzeko antolatu dute.

Nikaraguako piper opilak, Saharako tea, Ukrainako haragiz beteriko benderekiak, Hondurasko artozko opiltxoak, Senegalgo fataya, Palestinako falafela, Dominikar Errepublikako juka eta haragiz beteriko kroketak, Venezuelako arepak edota Kolonbiako enpanadak eta juka ogia. Hori guztia dastatzeko aukera izan da Zutani elkarteak antolatu duen Pintxo Tour ekimenean. Kultur aniztasuna, elkar ezagutza eta elkartasuna bultzatzeko antolatu dute.

Alondegia plazan jarri dituzte postuak eta 3 euroren truke, bi pintxo eta edariaz gozatzeko aukera izan dute bertaratutakoek. Zutani elkarteak Tolosako hainbat familia eta pertsonak jasaten duten pobrezia eta bazterketa egoerari aurre egiteko egiten du lan. Araba etorbideko lokalean elikagaia banatzen dute, baina horrez gain, bestelako ekimenak ere sustatzen dituzte. Gaurko ekimenarekin, ekarpen ekonomikoa ere jaso dute Zutani elkartekoek euren jardunarekin segi ahal izateko.

Euskal Herriak ere izan du bere postua eta Peñascal fundazioko ikasleek pintxo berezia sortu dute okasiorako: Itsasbao.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!