Eukene Larrartek 17. postua lortu du omniumean

Ataria 2022ko urriaren 15a

Argazkia: RFEC.COM

Parisen jokoan dagoen Pistako Munduko Txapelketan parte hartu du txirrindulari tolosarrak.

Larrartek atzo izan zituen omniuma osatzen duten lau probak. Scratch probarekin hasi zen tolosarra eta 14. postuan amaitu zuen. Oso erritmo bizian jokatu zen proba hori eta Jennifer Valente estatubatuarrak irabazi zuen. Ondoren Tempo Race probaren txanda izan zen, baina Larrartek ezin izan zuen punturik eskuratu, eta 16. postuan amaitu zuen. Bigarren proba horren ondoren 17. postuan zihoan sailkapenean. Kanporaketa proban 15. postuan amaitu zuen tolosarrak. Laugarren eta azken proban, puntuazioan, ez zituen lortu bere sentsazio onenak eta azkenean 17. postuan geratu zen Larrarte. Atzoko probarekin bukatu zaio aurtengo Munduko Txapelketako parte hartzea tolosarrari.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!