Charleville-Mezieresko ikasleak Tolosara iritsi dira

Ataria 2022ko urr. 14a, 16:45

Tolosak eta Charleville-Mezieresek 2018an sinatutako senidetze hitzarmenaren baitan kokatzen da ikasle-trukaketa. Pandemiagatik atzeratu egin behar izan zuten bidaia eta atzo iritsi ziren Tolosara.

Tolosako Udalak eta Frantziako Charleville-Mezieres herriak 2018an sinatu zuten senidetze hitzarmena txotxongiloetatik haratago, industria 4.0n, 3D fabrikazio aditiboan, ikasleen elkar trukean, lehen sektorean, gastronomian edota turismoan sakontzeko helburuarekin.

2019an, Tolosako ordezkaritza batek, Olatz Peon alkatea buru, Charleville-Mezieresera bidaiatu zuen, bi herrien arteko proiektuaren baitan lanean jarraitzeko. Eta urte amaieran ikasle elkar-truke programa abiatu zen. DBH 4. mailako eta batxilergoko Tolosako Herrikide, Laskorain eta Orixe ikastetxeetako 41 ikaslek parte hartu zuten programan eta frantziara bidaiatu zuten abenduan. Bidaia udalak finantzatu zuen.

Jarraian ikasle frantsesak Tolosara etortzea zen asmoa, baina pandemiaren ondorioz, 2020an aurreikusitako egonaldia atzeratu egin behar izan zuten eta gaur egin diete alkateak eta Xarles Iturbek, Merkataritza, Turismoa eta Feriak saileko zinegotzi arduradunak, etorritako 24 ikasle eta 4 irakasleei harrera, osoko bilkuren batzar aretoan.

Bi herrien arteko ezagutza eta harremana estutzea helburu

Alkateak ikasle-trukaketa honen garrantzia azpimarratu du ekitaldian: «Bi herrien arteko elkar-ezagutza sustatzeko eta harremanak sendotzeko aukera emango digu ikasle-trukaketak, are eta gehiago gerturatzeko».

Hizkuntza gaitasunak hobetzearekin batera, herria ezagutzeko aukera izango dute ikasle frantsesek. «Tolosak asko du eskaintzeko, barnealdeko herria gara, mendiz eta berdegunez inguratuta, baina kostatik hurbil; eskualde buru, xarma berezia duen Alde Zaharrarekin eta eskaintza anitzarekin: larunbateroko azoka, gastronomia, ondare kulturala, tradizioa, merkataritza ehun sendoa erosketak bertan egiteko... Tolosa herri oso bizia da, dinamikoa eta euskalduna, hemen igaroko dituzuen egunetan gure herriaren esentzia ezagutzeko aukera izatea espero dugu», esan du Iturbek.

Ikasl- trukaketa honek ere helburu du herriko gazteen artean harremanak sendotzea, hiru ikastetxeetako ikasleek parte hartzen baitute ekimen honetan. Charleville-Mezieresko ikasleak Tolosako familietan egingo dute egonaldia. Ikaskideekin batera egingo dituzten ekintzez gain, ikasle bakoitzak egonaldia egingo duen familiarekin ere igaroko du denbora. Hala, hizkuntza gaitasunetan trebatu ahal izango dira, eta autonomia pertsonalean garatu.

Horrez gain, besteak beste, txotxongiloen etxea ezagutuko dute, Topic bisitatuz, Alde Zaharretik bisita gidatua egingo dute eta herri kiroletako jolasak ere egingo dituzte Beotibar pilotalekuan. Agur bazkaria ere eskainiko zaie Zerkausian eta Gernika, Gernikako arbola eta Bilbo ezagutzera ere irtengo dira.

Lan lerro ezberdinen baitan lanean

Txotxongiloak ziren bi herriak baten zituen gai ardatza. Ikasle trukaketa programa ere abian da eta udalak lanean jarraituko du gainerako alorretan ere: gastronomia, lehen sektorea, kirola, industria... bi herrien arteko osagarritasuna eta sinergiak sustatzeko helburuarekin. Udalak ikasle-trukaketa baliatuko du, harremanak estutu eta lanean jarraitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!