Mapa bat, autoezagutzarako

Irati Saizar Artola 2022ko urr. 14a, 11:59

Argazkia: Gorka Rubio, Foku.

38 eta 44 urte artean izan ohi den «krisialdi unibertsalaz» ariko da Izaro Susperregi astrologoa urriaren 19an, Tolosako Amarozko auzoetxean emango duen tailerrean.

Astrologia entzun eta zodiakoaren zeinua etorriko zaio bati baino gehiagori burura: Leo, Piscis, Taurus, Scorpius. «Horoskopoari begira, normalean dakigun bakarra da jaio ginen momentuan eguzkia zein zeinutan zegoen, horri bakarrik begiratzen zaio», dio Izaro Susperregi astrologo lezoarrak. «Hortik harago» dagoen astrologiako ikasketak egin zituen Susperregik, eta urriaren 19an, hurrengo asteazkenean, ikastaro bat emango du Tolosako Amarozko auzoetxean, astrologiaren ikuspuntutik bizitza erdiko krisialdiaz. 19:30ean izango da.

Duela hiru urte eta erdi, bizitzak «halako esperientzia gogor bat, osasun kontu larri bat» ekarri zion Susperregiri, eta «erantzun zabalago batzuk bilatu nahian» egin zuen «topo» astrologiarekin. «Zentzua eman zion gertatzen ari zitzaidanari», kontatu du. Izan ere, astrologia norberaren autoezagutzarako erreminta moduan erabiltzen du Susperregik.

Astrologia psikologiko eta ebolutiboa praktikatzen du lezoarrak, «ez hain prediktiboa». Izan ere, korronte asko daude astrologiaren barruan, eta Susperregik jarraitzen duen korronteak autoezagutzaren esparrua ukitzen du. «Astrologiak norbanakoaren eta kolektiboaren mapa zabal bat ematen digu», esan du, eta hori lortzeko tresna nagusia jaiotze karta dela gaineratu du. «Espazio eta denbora koordenatu bat da jaiotze karta; beraz, gu jaio garen lekuan, ordu zehatz horretan, zerua nola zegoen konfiguratuta adierazten digu, planetak non zeuden kokatuta, hain zuzen». Kartaren osotasunak konfigurazio zehatza ematen du: «Ia-ia hatz-aztarna bat bezalakoa da, DNA astrala».

Eta zer zerikusi du zeruko konfigurazioak norbanakoaren bizitzarekin? Horri erantzuna emateko Hermes Trismegistroren Kybalionaren legeetara jotzen dute astrologoek: «Korrespondentzia legeak dio goian den bezala dela behean, eta alderantziz». Horrela, zeruari begiratuta aurkitzen dute lurrean gertatzen ari denaren azalpena.

Jaiotze kartan eguzkia, ilargia eta planetak zein kokapenetan dauden jakinda, norbanakoaren mapa hori osatzen doaz. «Adibidez, ilargiak jaiotze kartan pertsonaren alderdi emozionalari buruz hitz egiten digu; ilargiaren funtzioa, berez, berdina da guztiontzat, baina segun eta jaiotze kartan non duzun kokatuta, zure behar emozionalak modu batekoak edo bestekoak izango dira». Susperregik zehaztu du eguzkiak pertsonaren identitateaz hitz egiten duela, Merkuriok alderdi kognitiboaz, Venusek harremanez, eta horrela, planeta bakoitzak bizitzako esparru batez.

Bizitzaren zikloei begira

Planeten mugimenduak, ordea, «matematikoak» direnez, Susperregiren hitzetan matematikoki kalkula daiteke 2050. urtean planeta bakoitza non egongo den kokatuta une oro. Horrela, jaiotze kartaren bidez, bizitzaren zikloak aurreikus ditzakete astrologoek. Hori guztia landuko du Susperregik Tolosako tailerrean. Azaldu duenez, 38-44 urte inguruan, planeta batzuen mugimendu «nahiko bortitzak» gertatzen dira, bata bestearen atzetik, eta horrek, «krisialdia» sortzen du. «Bizitzak momentu batean berbideratze bat planteatzen digu; ordura arte bizi izandakoa planteatzen hasten gara, errealitateari beste zentzu bat eman nahian». Krisialdi «unibertsala» dela dio. «Denok pasatzen gara hortik».

Krisialdi hori bi modutara bizi daiteke, astrologo lezoarraren arabera: konpondu beharreko arazo bezala edo bizitzak berak planteatzen duen aukera gisa. Astrologiaren ikuspegitik osasuntsuena, olatuaren aurka igeri egin beharrean, olatua hartu eta norabide horretan joatea da. «Azkenean, transformaziorako aukera bat da, sufriarazten nauen irudi bat atzean utzi eta beste esperientzia batera joatea».

Tailerrean, beraz, 38-44 urte arteko krisia nola ulertzen den azalduko du Susperregik, zein konnotazio duen, eta, aurre egiteko zerbait izatetik, aukerara eta transformaziora bideratzeko proposamenak egingo ditu.

IKASTAROA

Izenburua. Bizitza erdiko krisialdia. Begirada bat astrologiatik.

Lekua. Amarozko auzoetxea, Tolosan.

Eguna. Urriaren 19a, asteazkena.

Ordua. 19:30.

Izen ematea. 647-84 02 13 edo astroizaro.izar@gmail.com.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!