Beldurrezko ibilbide bat prestatu dute Tolosako Elosegi parkean

Tolosaldeko Ataria 2022ko urr. 14a, 11:58

Urriaren 29an, 30ean eta 31n gau beltzaren aitzakian antolatu du ibilbidea Galtzaundi euskara taldeak; 13 urtetik gorako nerabeek parte hartu ahal izango dute taldeka eta horretarako aurrez eman beharko da izena.

Gau beltzari ikusgarritasuna emateko, nerabeei zuzendutako beldurrezko ibilbidea antolatu du Galtzaundi euskara taldeak Tolosako Elosegi parkean. Urriaren 29an, 30ean eta 31n antolatuko dituzte ibilbideak 19:00etatik 22:30era eta taldeak 15 minutuz behin aterako dira. Ordu erdiko iraupena izango du ibilbideak eta behienez bost pertsonakoak izango dira taldeak. Beldurrezko ibilbidean 13 urtetik aurrerako gazteek hart dezakete parte, 2009an jaiotakoek barne eta aurrez eman beharko dute izena, edo Galtzaundi euskara taldearen Tolosako Nafarroa etorbideko egoitzan, edota online, Galtzaundiren web gunean dagoen formularioa beteta.

XX. mendearen erdialdera arte euskarari eta euskal landa eremuari lotuta egon den tradizioa izan da gau beltzarena. Tradizio hori oinarri hartuta, indarra eman nahi dio orain Galtzaundi euskara taldeak gau beltzari eta horregatik antolatu du beldurrezko ibilbidea Tolosako Elosegi parkean. Beldurrezko istorioa antolatzeko fikzioan oinarritutako kontakizuna sortu dute: "Elosegi markesaren jauregiko lorategian, gauero-gauero, entzuten ziren ahotsak dira beldurrezko ibilbidearen oinarria. Beldurrezko ibilbidean parte hartzen dutenen misioa, ahots horien jatorria deskubritzea izango da". Gaur egun, hain ezagunak diren ihesgela moduko bat izango dela ziurtatu dute Galtzaundiko arduradunek, "baina aire librean egingo dugu, Elosegi parkeak dituen bi ateak baliatuta".

Tolosaldeko euskara taldeko kideek eskualdeko hainbat antzerkigileren laguntza jaso dute ibilbidea antolatzeko. Aldi berean, ekimena aurrera eramaten lagundu dute Zumardiak, Euskaltzaleen Topaguneak, Tolosako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!