Zeinu Hizkuntzan egindako Filmen Nazioarteko Jaialdia urriaren 21ean eta 22an izango da

Ataria 2022ko urr. 14a, 10:24

Tolosako Topic-en ikusi ahal izango dira lehiaketan parte hartuko duten 15 film laburrak. Urtero bezala, jaialdia Gainditzenek antolatu du, Tolosaldea eta Goierriko pertsona gorren elkarteak. Aurtengoa 13. edizioa izango da.

Urriaren 21ean hasiko da nazioarteko filmen jaialdia. Kultur etxean ongi etorria antolatu dute. Ondoren, lehiaketatik kanpo egongo den 70 minutuko filma ikusiko dute, Peixos izenekoa. Amaieran, Carlos Soroa aktoreetako batekin hitz egiteko aukera egongo da.

Lehiaketako film laburrak urriaren 22an ikusi ahal izango dira, Topic-en. Sari banaketa ekitaldia emanaldiak amaitzean egingo dute.

Gainditzeneko Julian Rodriguezek aurkezpen ekitaldian azaldu zuenez, jaialdia gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da: «Mundu osotik etorriko dira filmak, eta azpitituluak dituztenez, edonorentzat zabalik dago jaialdia». Egitaraua aurkeztearekin batera, kritika ere egin zuen Rodriguezek, baina ez filmeena, bizitzen ari diren egoerarena baizik: «Itzultzaile behar handia daukagu. Ez dago nahikoa itzultzaile. Guretzat, esan beharrik ez dago, ezinbestekoak dira itzultzaileak». Irtenbide baten alde lanean hastea eskatu zuen Gainditzeneko kideak.

Olatz Peon Tolosako alkatea ere aurkezpen ekitaldian izan zen, eta ondorengoa azpimarratu zuen: «Jaialdiaren funtzio eta zeregin soziala, izan ere, aukera berriak eskaintzen ditu, pertsona gorren komunitateari ikusgarritasuna ematen dio eta herritarrak sentsibilizatzen laguntzen du».

Tolosako alkateak Gainditzen elkarteari egiten duen lana aitortu eta eskertu zion, eta herritarrak jaialdian parte hartzera animatu zituen. Horrez gain, balioan jarri nahi izan zuen udala gorren komunitatearengana hurbiltzeko egiten ari den lanketa: «Udala zeinu hizkuntza interpretazio zerbitzua eskaintzen die tolosarrei eta udal aldizkaria zeinu hizkuntzara ere itzultzen du, komunikazio oztopoak gainditzen jarraitzeko eta gorren komunitateari laguntza eskaintzen jarraitzeko helburuarekin».

EGITARAUA

Urriak 21
 • 18:30. Kultur Etxean ongi etorria.
 • 19:00. Gorren zinema emanaldia: “Peixos” filma. Bartzelonan ekoitzia Ivan Mulero zuzendariaren eskutik. Iraupena: 70 minutu. Azpitituluak gazteleraz. Amaitzean, Carlos Soroa aktoreari elkarrizketa zuzenean.


Urriak 22
 • 16:00. Topic-eko ateen irekiera.
 • 16:30. XIII. gor zinemaldian parte hartzen duten 15 laburmetraien proiekzioa. Amaieran sari banaketa eta zozketa egingo dute.
 • 21:30. Tolosako Botarri jatetxean afaria. 

SARRERAK ETA FILMAK

Sarrerak 8 eurotan jarri dituzte. Aurrez erosteko aukera egongo da, gainditzentolosa.com helbidean. 15 film laburrak ondorengoak izango dira:

  • Aquí - 10' Bartzelona. Zuzendariak: Berta Frigola eta Pau Escudero.
  • Huevo - 5' Argentina. Zuzendaria: Claudio Scardino.
  • Storyboard - 8' Vilanova i La Geltrú. Zuzendaria: Josep Boronat.
  • Cuerpo de libertad - 14' Brasil. Zuzendaria: Renata.
  • Apresados - 5' Madrid. Zuzendaria: Marta Soroa.
  • Men-ti-ra - 13' Malaga. Zuzendaria: Marta Gonzalez.
  • Buscadores de fantasmas - 19' Sabadell. Zuzendaria: Franklin Lovaton.
  • Life - 5' Bartzelona. Zuzendaria: Raul Ruiz.
  • La crisis de las ideologias - 30' Girona. Zuzendaria: A.R. Casellas.
  • L Eclosion - 12' Frantzia. Zuzendaria: Michel Gonzalez.
  • Para siempre - 5' Bartzelona. Zuzendaria: Edgar Murillo.
  • La carta de 32 años - 23' Txile. Zuzendaria: Alejandro Hidalgo.
  • Jade - 11' Frantzia. Zuzendaria: Julien Bourges.
  • Vacaciones - 16' Girona. Zuzendaria: Albert R. Casellas.
  • Jaque Mate - 19' Bartzelona. Zuzendaria: Rafa Puig.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!