Jon Vallejok Etapakako Mendi Lasterketen Espainiako Txapelketan parte hartuko du

Ataria 2022ko urr. 13a, 19:57

Tolosarrak hiru egunetan egingo dio aurre 6.000 metroko desnibel positiboa duen 110 kilometroko probari. Ostiraletik igandera, egunero, 30 kilometrotik gora egingo dituzte parte hartzaileek.

Aste honetan jokatzen ari dira Ultra Sanabria lasterketetako probak Zamorako (Gaztela eta Leon) Sanabria lakuko Parke Naturalaren inguruan; bada, bihartik igandera bitarte, lehen aldiz jokatuko da bertan Etapakako Mendi Lasterketen Espainiako Txapelketa estreinatuko du 2022an. Lasterketaren seigarren edizioa urriaren 11tik 16ra ari dira egiten, baina ultra modalitateko Espainiako Txapelketa bihar hasi eta igandean amaituko da.

Ibilbideak 110 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, hiru etapatan banatuta: ostiral goizean, 36 kilometro egingo dituzte; larunbat goizean, 42 kilometro; eta azkenik, igande goizean, 32 kilometro. Guztira, 6.000 metrokoa izango da desnibel positiboa. Bai gizonezkoetan, baita emakumezkoetan ere, iazko Sanabriako lasterketako txapeldunak, Manuel Merillas eta Oihana Kortazar, bertan izango dira, garaipen berri baten bila. Horiez gain, David Prades korrikalari gaztea, Roberto Heras (lau aldiz Espainiako Vuelta lasterketaren irabazle izandakoa), Uxue Fraile eta Nuria Dominguez ere kontuan hartzeko korrikalariak dira.

Gainera, Etapakako Mendi Lasterketen Espainiako Txapelketa ez da bakarkakoa bakarrik izango, autonomia erkidegoetako selekzioen artekoa ere izango da eta, antolakuntzatik aurreratu dutenez, federazio mailako talde onenak ikusi ahal izango dira lehian.

Esteka honetan jarraitu ahal izango da lasterketa, zuzenean.

Hemen duzue 2019ko lasterketako laburpen bideoa:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!