Topic morez argiztatuko dute, dolu perinatalaren alde

Tolosaldeko Ataria 2022ko urr. 13a, 18:59

Esku Hutsik elkarteak, hainbat udal eta erakunderekin lankidetzan, herri eta hiri desberdinetako eraikinak argiztatuko ditu urriaren 15ean.

Euskadiko eta Nafarroako haurdunaldiko, erditze inguruko eta jaio osteko heriotzen dolu-elkartea da Esku Hutsik. Larunbat honetan, hilak 15, haurdunaldiko, erditze inguruko eta jaio osteko heriotzen doluaren kontzientziazioaren aldeko mundu mailako eguna ospatuko da; hori dela eta, Hego Euskal Herriko zenbait hiri eta herritako eraikinen artean, Topic museoaren kanpoaldea morez argiztatuko dute.

«Edozein galeraren aurrean pertsonek dolua deritzon prozesu emozionalari ekiten diote. Dolu perinatala deritzogu haurdunaldiko, erditzeko edo erditze ondoko edozein unetan gertatzen diren galerei. Kasuistika eta izen ugari ematen zaie, hala nola: umetoki barneko heriotza goiztiarra edo berantiarra, erditzeko heriotza, abortu espontaneoa, haurdunaldi etetea, biki baten heriotza, haurdunaldiko heriotza, heriotza perinatal edo neonatala... Halaber, horrelako doluez hitz egiten da ernalezintasun-kasuetan», esan dute elkarteko kideek.

Esku Hutsik elkartetik adierazi dutenez, egunean, munduan, horrelako 23 milioi galera izaten dira; hau da, 44 minutuko. Estatu mailan, aldi perinatalean, haurdunaldiko 22. astetik 28. astera bitartean, 2.500 haur hiltzen dira urtean, eta horrek zuzenean 6 familiei eragiten die egunean. «Eta datu horietan ez dira kontuan hartzen bizitzako 28. egunetik aurrera gertatzen diren heriotzak, ez haurdunaldiaren borondatezko eta legezko etendurak, ezta eta haurdunaldien lehen eta bigarren hiruhilekoan izaten diren heriotzak ere, azken horien kopuru handiagoak izanda. Horrela, uste da, haurdunaldien %25, hau da, lautik bat, ez dela amaitzen haur bat besoetan edukita», adierazi dute.

«Dolu perinatalak familiari eta hurbileko gizarte-inguruneari eragiten die, baita hura artatzen duten osasun-profesionalei ere. Profesional horiek, gainera, funtsezko bilakatzen dira kaltetuek dolua modu ahalik eta osasungarrienean igaro dezaten. Askotan, ikusezin bihurtzen diren eta baimenik gabe bizitzen diren doluez ari gara, ez baitute behar den aintzatespen soziala jasotzen dolua modu irekian sentitzeko eta adierazteko, eta, hortaz, ez dute beharrezko arretarik jasotzen" osasun eta gizarte eremuetan. Heriotza ez bada onartzen, ez da gurasoen dolua onartzen ere», gaineratu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!