Eukene Larrarteren egun «gazi-gozoa» Munduko Txapelketan

Ataria 2022ko urriaren 13a

Pistako Munduko Txapelketa jokoan da egunotan Parisen, eta atzokoan bi probetan parte hartu zuen txirrindulari tolosarrak. Horietako batean erorikoa izan zuen.

Ez da nahi bezala hasi pistako Munduko Txapelketa Eukene Larrarte txirrindulari tolosarrarentzat. Atzokoan bi probetan parte hartu zuen, taldekako jazarpenean eta scratchean, eta lehenengoan erorikoa izan zuen. Taldekako jazarpenean Tania Calvo, Ziortza Isasi eta Isabella Escalera txirrindulariekin batera parte hartu zuen Larrartek, eta erorikoa izan arren Espainiako marka hautsi zuten, 4.35.662ko denboran utziz (aurrekoa 4.36.384 zen). Marka horrekin 12. postua lortu zuten proba horretan.

Probaren bukaeran eta scratcheko proba hasi baino lehen, Larrartek «pixka bat triste» zegoela azaldu zuen: «Lan handia dago proba honen atzean, bai txirrindularien eta baita talde teknikoaren aldetik, eta erorketa batek emaitza hobeagoa lortzea eragotzi izanak zapore gazi-gozoa uzten du. Erorketaren aurretik oso ondo gindoazen. Lana ona da, hobekuntza handia nabaritu da eta lanean jarraitu behar dugu».

Erorketak ez zion tolosarrari ondorio larririk eragin, eta scratch proban parte hartu ahal izan zuen. Bere aukera lortzen saiatu zen hamar itzuliren faltan erasoa joz, eta azkenean 21. postua lortu zuen tolosarrak. Bihar omnium proban parte hartuko du Larrartek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!