Bidasoa Irunek erraz irabazi du Euskal Kopako finalerdia

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko urr. 12a, 16:54

Tolosa CF Eskubaloiak maila ona erakutsi du, eguerdian Usabal Kiroldegian, Europa mailan jokatzen duen taldearen aurka jokatutako norgehiagokan; 28-36 izan da azken emaitza.

Tolosa CF Eskubaloiak ezin izan du ustekabekoa eman Usabal kiroldegian, Bidasoa Irun talde indartsuaren aurka jokatu duen Euskal Kopako finalerdian. Irundarrak nagusi izan dira, eta bost goleko errentarekin heldu dira atsedenaldira: 13-18. Bigarren zatian ere aise egin dituzte golak, eta azkenean, 28-36 irabazi dute.

Tolosarrak gogotsu kantxaratu dira. Hala, markagailuan aurretik izan dira lehen minutuetan. Bidasoakoak, ordea, fisikoki nahiz taktikoki, ondo prestatutako jokalariak dira, eta alderdi horietan nabaritu da alde handiena. Tolosarrei asko kosta zaie arerioaren defentsan akatsak aurkitzea, eta banakako lehietan, kalitate handiagoa dutela erakutsi dute irundarrek.

Partida galdu badute ere, egindako lanarekin oso kontentu agertu da Ander Uranga, Tolosa CF Eskubaloia taldeko kapitaina: «Horrelako partidak ez dira urtero jokatzen, eta are gutxiago, gure zaleen aurrean. Sari bat izan da guretzat. Taldearen helburu nagusia gozatzea zen, eta gero, entrenamenduetan egindako lana kantxan erakutsi eta ausart jokatzea, eta uste dut lortu dugula».

Batez ere, min hartzearen edo arerioen jokalariei min hartzea eragitearen beldur ziren tolosarrak. «Ez genuen ezusteko handirik nahi, eta beraz, zenbait norgehiagokatara ez gara indartsu joan», adierazi du Urangak.

Denboraldiari begira, tolosarrak gogotsu daudela aurreratu du taldeko kapitainak: «Talde gaztea eta polita dugu, eta ligan lehen sei postuetan sailkatzea da asmoa. Iaz ez zen posible izan, beraz, ea aurten lortzen dugun».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!