Baratzezaintza ekologikoaren inguruko ikerketaren ondorioak aurkeztu dituzte

Ataria 2022ko urr. 12a, 17:33

Biolurrek 'Duina' ikerketaren ondorioak jendaurrean aurkezteko eta herritarrekin partekatzeko aurkezpen saio bat egingo du Tolosako Zerkausian, ostegunean 19:00etan.

Biolur elkarteak baratzezaintza ekologikoaren ekoizpen kostuen azterketa integrala eta objektiboa landu du azkeneko bi urteetan. Duina proiektua deitu diote eta bertan Gipuzkoako eta Bizkaiko 11 baratza proiektuen azterketa egin dute. Laboreen ekoizpen kostuak, soldatak, lan orduak, prezio duinak, eta oro har, nekazaritza proiektuen duintasun ekonomiko eta sozialerako hainbat datutan sakondu dute.

Ikerketa Biolurrek EHUrekin batera bideratu du eta laguntzaile izan ditu Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza. Sortutako ezagutza honetaz aliatuta espero dute ekoizleen egonkortasun eta duintasun ekonomiko eta sozaila garatzeko urratsak ematea, "bai arlo instituzionaletik, bai eta arlo sozioekonomikotik ere".

Izan ere, 2030erako Europar Batasuneko %25a ekologikoa izan behar du, eta gaur egun, %4,6a baino ez da Biolurrek emandako datuen arabera. "Erronka hori jomuga izanda ezinbestekoa da baserritarren bizitzak duintzea", adierazi dute Biolur elkartetik.

Ikerketaren emaitza orokorrak partekatu nahi dituzte orain, nekazaritza biologikoaren aldeko elkartearen ustetan garrantzitsuak baitira sektorean eta herritarrengan duten inplikazio sozioekonomikoagatik. Ondorioak jendarteratzeko Ekoizpen Duina, kontsumo herrikoia lelopean komunikazio kanpaina bat abiatu du Biolurrek. Eskualdeka ari dira ondorioak aurkezten eta herritarrekin gogoetak partekatzen. Eskualdean bi hitzordu izango dira: Tolosan, urriaren 13an Zerkausian 19:00etan; eta saio tekniko bat egingo dute azaroaren 8an Zizurkilgo Fraisoron 12:00etan.

  • URRIAK 13, Tolosa, 19:00etan ZERKAUSIA
  • URRIAK 20 Azpeitia, 19:00etan  ELIKAGUNEA
  • URRIAK 27, Durango, 17:30ean ETARTIE
  • AZAROAK 3, Lazkao, 19:00etan BIZIOLA
  • AZAROAK 8, Zizurkil, FRAISORO, 12:00etan  Saio teknikoa
  • AZAROAK 10, Oiartzun, 19:00etan LABORE OARSO

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!