Goxua azokako postre lehiaketetan izena emateko epea zabaldu dute

Tolosaldeko Ataria 2022ko urr. 12a, 10:59

Urriaren 29an ospatuko da azoka, eta aurten, postre-lehiaketa bikoitza egingo dute: euskal pastelarena eta sagar tartarena.

Udazkenarekin batera heldu da Tolosara azoka berezien garaia. Hain zuzen Mikologikak emango dio hasiera, datorren urriaren 20an, denboraldi berriari eta astebete beranduago Goxuaren txanda izango da; hain justu, urriaren 29an.

Goxua azokak gozogile eta gozozaleak elkartzen ditu urtero herrian eta mota askotariko tartak, turroiak, pastelak, pastak, txokolateak, opilak edota bizkotxoak jasotzen ditu, Euskal Herriko edota estatu mailako hainbat gozogileren eskutik egindakoak.

Urtero bezala, Goxua azokaren baitan jarduera desberdinak egongo dira, horien artean, ohiko postre-lehiaketa. Aurten, lehiaketa bikoitza izango da: euskal pastelaren lehiaketa batetik, eta sagar tartarena bestetik. Horietan parte hartzeko izen-ematea dagoeneko zabalik dago.

Interesa dutenek urriaren 27a arte izango dute izena emateko aukera. Horretarako, udaletxera bertaratu, 943 697 521 telefonora deitu edota feriak@tolosa.eus helbidera idatzi behar da. Profesionalak ez diren 18 urtetik gorako norbanakoek eta elkarte edota kolektiboek parte hartu dezakete lehiaketetan.

Lehiakide bakoitzak lehiaketa batean edo bitan parte-hartzeko aukera izango du, baina postre bakarra aurkeztu ahal izango du lehiaketa bakoitzeko, eta hau, nahitaez, etxean prestatutakoa izan beharko da. Postrea, erabilitako errezetarekin batera, Trianguloa plazan aurkeztuko da azoka egunean bertan, 9:30eak eta 10:30eak bitartean.

Irabazlea epaimahai bidez aukeratuko da. Epaimahaia Eva Arguiñanok, Elena Arzakek eta Armintz Gorrotxategik osatuko dute. Irabazleak Tolosako gozotegietan gastatzeko 200 euroko ordainsaria eskuratuko du; 160 euroko saria izango da bigarrenarentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!