Larunbatean hasiko da Ogi Berri Pilota Txapelketa

Imanol Garcia Landa 2022ko urr. 11a, 11:59

Migel Soroaren oroimenezkoaren bederatzigarren edizioko berritasuna emakumezkoen txapelketa izango da.

Beotibar pilotalekuan goi mailako pilota partidak jokatuko dira beste behin. Batetik, gizonezkoen afizionatu mailako pilotari onenak ariko dira lehian Migel Soroaren oroimenezko IX. Ogi Berri Txapelketan. Larunbatean izango da lehen jardunaldia, eta finala abenduaren 10ean izango da. Egun berean izango da emakumeen finala ere, baina hauek finalerdietan ekingo diote txapelketari. Oraindik ez daude zehaztuta zein izango diren parte hartuko duten pilotariak.

Ogi Berriren Route 33 Gourmeten egin da aurkezpena eta bertan izan dira gizonezkoetan parte hartuko duten pilotari gehienak. Anizeto Lazkano antolatzaileak pilotarien presentzia eskertu zuen: «Hainbeste jende gazte ikustea eta hainbat lekuetatik etorritakoak pozgarria da». Bide batez, Tolosako Udalari eta Ogi Berriri eskertu zien txapelketa antolatzeko emandako laguntza. Joxe Mari Villanueva Tolosako Kirol zinegotziak herriarentzat txapelketak duen garrantzia nabarmendu zuen: «Egia da COVIDaren garaia gainditzen ari garela, eta lortu behar dugu garai batean frontoira etortzen zen jendea erakartzea. Uste dut txapelketa honen bitartez horretarako aukera polita izan daitekeela, berriz frontoiak jendez beteta ikusteko». Bere aldetik, Olatz Peon Tolosako alkateak emakumezkoen txapelketa egotea azpimarratu zuen: «Garai batean gizonezkoenak bakarrik izaten ziren txapelketak, eta dagoeneko gaur egun ez litzateke logikoa izango emakumerik parte hartzen ez duen txapelketarik egitea». Alkateak gaineratu duenez, «garrantzitsua da pandemiaren ondoren txapelketa hau indarberrituta berreskuratzea. Ikusten da etorkizuna badugula, hemen dauden pilotari guztiak ikusita, eta animoak guztientzat. Bide batez, eskerrik asko antolatzaileei eta animatu herritarrei Beotibarrera joatera».

Gizonezkoetan hiru mailetan dago banatuta txapelketa: promesak, 1. maila eta eliteak. Maila bakoitzean hamar bikote ariko dira lehian, bi multzotan banatuta eta eskailera moduan egingo dute txapelketa. Partida guztiak Beotibar pilotalekuan jokatuko dira eta lehenengo jardunaldia larunbat honetan izango da, 16:30ean hasita. Promesetan, Etxeberria (Oiarpe) eta M. Garcia (Najerino) bikotea Perurena (Tolosa Aurrera) eta Gabirondo (Tolosa Aurrera) bikotearen aurka; 1. mailan Zubeldia (Intxurre) eta Odriozola (Eple) bikotea Etxaniz (Bergara) eta Eskuza (Herriaren) bikotearen aurka; eta elitean, Mata (Oberena) eta Cuairan (Erreka) bikotea Igoa (Oberena) eta Aizpuru (Tolosa) bikotearen aurka. Irabazten dutenek aurrera egingo dute eta galtzen dutenek txapelketatik kanpo geratuko dira.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!