Pintxoak, elkartasuna eta ezagutza lantzeko

Ataria 2022ko urriaren 10a

Zutani elkarteak Pintxo Tour ekimena antolatu du larunbat honetan, Tolosako Alondegia plazan. Bertan biltzen den dirua inguruan bizi diren 200 haurrei elikagai osasuntsuak erosteko erabiliko dute.

3 euroren truke, bi pintxo eta edariaz gozatzeko aukera egongo da larunbatean Tolosan, 11:00etatik 14:00etara. Zutani elkarteak bertan antolatuko du VII. Pintxo Tour-a, kultur aniztasuna eta elkartasuna bultzatzeko.

Eskaintza zabala izango da, izan ere, Tolosan bizi diren jatorri desberdinetako herritarrek euren postuak jarriko dituzte, "hamaika herrialde, hamaika zapore", zehaztu dute Zutani elkartetik. Brasil, Palestina, Kolonbia, Honduras, Maroko, Senegal, Txina, Peru, El Salvador, Venezuela, Ukrania, Euskal Herria... ordezkatuak egongo dira Alondiga plazan.

Ekimenaren helburua

Zutani elkartea Tolosako hainbat familia eta pertsonak jasaten duten pobrezia eta bazterketa egoerari aurre egiteko lanean ari da. Araba etorbideko lokalean elikagaia banatzen dute, baina horrez gain, bestelako ekimenak ere sustatzen dituzte, «gizarteratze prozesua ezinbestekoa delako egoera horretatik irteteko». Pintxo Tour hor kokatzen dute ekimenaren sustatzaileek. Pintxoa aitzakia gozoa izango dela azaldu dute; «beste herrialdeetako gastronomia eta kultura gurera ekarri nahi ditugu, eta gure artean kokatu, gure alboan bizi diren jatorri desberdinetako familiak ikusarazteko, beraien kulturaz jakiteko eta elkar ezagutzeko».

Helburu ekonomikoa ere izango du Pintxo Tour-ak: «Gero eta familia gehiago daude beharrean. Erakundeen diru laguntzak beharrezkoak dira, baina ez da nahikoa. Herritarren ekarpenak ere garrantzi handia dute». Hain justu, larunbatean Alondiga plazara gonbidatu dituzte eskualdeko herritarrak, Pintxo Tour-ean parte hartzeko.

Amaitzeko, auzolanean egindako ekimenean parte hartuko duten boluntario guztiak zoriondu dituzte elkartetik. Bestalde, Tolosako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari, SuperEKO supermerkatuari eta Zumeta soinu eta elektrizitate enpresari eskerrak eman nahi izan dizkie.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!