Arrisku-egoeran dauden adingabeak eta familiak babesteko zerbitzu integral berritua, martxan

Ataria 2022ko urr. 11a, 17:50

Arlo sozioedukatibo eta psikosoziala ardatz duen zerbitzua osatu du Tolosako Udalak, aurrerantzean, gizarte zein hezkuntza arloko esku-hartzeak zerbitzu bakar batean kokatzeko eta modu horretara, zerbitzu integrala, osatuagoa eta eraginkorragoa eskaintzeko.

Tolosako Udalak Gizarte Zerbitzuen mapan jasotako prestazioak osatu eta hobetze aldera, hainbat zerbitzu berri martxan jarri eta beste hainbat indartu ditu azken urteotan, tolosarren gizarte babesa bermatu eta beren beharrei modurik egokienean erantzuteko. Oraingoan, arlo sozioedukatiboan eta psikosozialean esku-hartzeko zerbitzuan jarri du arreta, hori osatu eta indartzeko zerbitzu berritua esleituz eta martxan jarriz.

Orain artean udalak babesgabetasun egoeran dauden adingabe zein familiei zuzendutako esku-hartze programa eta bazterkeria edo arrisku egoeran dauden pertsonei zuzendutako laguntza-programa  eskaini ditu. Horrekin batera, arrisku egoeran dauden adingabeentzako ingurune Irekiko esku-hartze zerbitzua ere eskaini du, biak, modu berezituan kontratatutako zerbitzu bidez.

Orain, baina, zerbitzu horiek bateratu eta egokitu egin dira, egungo araudi berrira egokituta, esku-hartze zerbitzu integralago eta eraginkorragoa eskaintzeko. Zerbitzu berri hau Nura Gizarte Elkarteari esleitu zaio 833.217 euroko aurrekontuarekin (BEZ-a kanpo). Kontratuaren iraupena 2 urtekoa da, 3 urtez gehiago luzatzeko aukerarekin.

Olatz Peon alkateak azaldu duenez, zerbitzu hau ez da ulertu behar aurretik zeuden biak elkarrekin eskaintzeko prozedura bezala. «Zerbitzu berri bat bezala ulertu behar da: landuagoa, integralagoa eta osatuagoa delako, eta Tolosako herriak behar duenari egokitua. Zerbitzu hau estrategikoa da gizarte zerbitzuen alorrean, baita gure agenda politikoan ere, prebentzioan, adingabeen babesean eta bazterkeria egoeran dauden pertsonen babesean  jartzen duelako indarra, etorkizuneko gizartearen eta belaunaldi berrien ongizatearen bila. Eta ongizate hori da, hain zuzen, udal honek nahi duena, zerbitzua berritu eta osatzeko arrazoi nagusia».

Arlo sozioedukatibo psikosozialeko esku-hartze zerbitzua, Tolosako Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailaren ikuskapenarekin landutako zerbitzua da, eta horren bitartez, norbanako harreman prestazioak, familiakoak edo taldekoak izaten dira, arlo soziedukatibo edota psikosozialean laguntzeko. Zerbitzu honen onuradun dira, hain zuzen, bazterkeria edota mendetasun arriskuan edota egoeran dauden pertsonak eta babesgabetasun arrisku egoera arinean dauden adingabeak zein horien familiak. Zerbitzua familiaren bizilekuan zein herriko espazio desberdinetan eskaintzen da.

Gauzak horrela, esku-hartze sozioedukatibo-psikosozialaren helburua da artatutako pertsonek gaitasunak eskuratu eta garatzea, egunerokotasunean autonomiaz moldatzeko, gizarteratzeko eta familia zein komunitate inguruneko bizikidetza egokia bultzatzeko. Horrekin batera, ohitura, portaera edota jarrera desegokiak baztertu eta beste egoki batzuekin ordezkatzea bilatzen da zerbitzu honen bitartez. Horretarako, informazioa, esku-hartze sozioedukatiboa eta psikosoziala, jarraipen balioespena, lagun-egite soziala eta bitartekaritza-bitartekotza eskaintzen ditu.

Zerbitzu honek profesionalez osaturiko lan talde baten babesa du: zuzendaria, esku-hartzeko programen eta planen koordinatzaileak, terapeuta eta sei hezitzaile. «Zerbitzua integralagoa eta eraginkorragoa izan dadin lanean dagoen giza-taldea da, erabiltzaileei beren beharrei egokitutako kalitatezko zerbitzua eskaintzen duena», nabarmendu du Peonek.

Jarduketa protokoloa

Esku-hartzea Tolosako Udaleko Gizarte Zerbitzuetan hasten da beti. Bertako langileak egoeraren aurre azterketa egiten dute eta babesgabetasun, bazterkeria edota mendekotasun egoerarik atzemango balute, esku-hartze zerbitzura bideratzen dute kasua.

Horrela, esku-hartze zerbitzuaren bitartez babesgabezia egoeren adierazleak ikertu eta baloratzen dira, egoera horien larritasuna zehazteko. Horren arabera, prebentziorako esku-hartze planak zehaztu eta garatzen dira.

Gainera, zerbitzu honek komunitateko eragileekin elkarlana eta prestakuntza sustatzeko lan-lerroa ere jasotzen du, hain zuzen, komunitatearen inplikazio eta laguntzarekin ahalbidetu daiteke eta, zaurgarritasun eta babesgabezia horien atzemate eta esku-hartze goiztiarra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!