«Ezustekoa izan da eta oso eskertuta nago»

Ataria 2022ko urriaren 8a

Kalean txarangak ezustekoa prestatu dio Tolosako Xirimiri tabernako Xabi Izagirreri. Erretiroa hartuko du aurki eta emandako babesa eta laguntza eskertu nahi izan dio omenaldia eskainiz.

Jende asko gerturatu da gaur Tolosako Xirimiri tabernara. Bertako jabea da Xabi Izagirre eta erretiroa hartuko du. 31 urte egin ditu bertan lanean eta aurretik beste 20 egin zituen Kale Nagusiko Zeru Txiki tabernan. «Bizi guztia erakusmahaiaren atzean», esan du hunkituta. Xirimiri taberna familia bat dela gaineratu du eta horren erakusle Kalean txarangak antolatutako omenaldira gerturatutako herritar guztiak.

Txarangako kideak Xirimirin elkartu ohi dira eta horregatik antolatu dute gaurko ekitaldia, eta ez dira bakarrak, Tolosa Kantariko kideentzat leku kuttuna da Xirimiri eta ez dute omenaldian hutsik egin.

«Ezusteko handia izan da, ez nuen espero, hunkigarria izan da. Eskerrak eman nahi dizkiet denei, hunkituta nago», esan du Izagirrek. Omenaldian hainbat kantu eskaini dizkiote eta txarangak kantu bat konposatu du gainera, bertan jo dutelarik. Ondoren, partitura oparitu diote lore sorta batekin batera. 

 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!