Uztailean Tolosan egindako sexu erasoaren ustezko egilea atxilotu dute

Ataria 2022ko urr. 7a, 11:01

Uztailean egindako elkarretaratzea sexu erasoa salatzeko.

27 urteko gizonezkoa Valentzian atxilotu dute, iragan uztailaren 10ean Tolosan izandako sexu erasoaren harira; epaileak fidantzarik gabeko espetxeratzea ezarri dio. 

Tolosan uztailaren 10ean egindako sexu erasoa leporatuta, 27 urteko gizonezko bat atxilotu zuten joan den astelehenean, urriaren 3an, Alziran (Valentzian), Ertzaintzak eta Espainiako Poliziak elkarlanean egindako ikerketaren ondorioz. Atxilotutakoa Gipuzkoako agintari judizialaren eskuetan jarri ondoren, fidantzarik gabeko espetxeratzea agindu dute.

Erasoa uztailaren 10eko goizaldean gertatu zen Tolosan. Biktimari gizon bat hurbildu zitzaion atari baten sarreran, eta, ondoren, sexualki eraso egin zion inguruko parke batean.

Ordutik egin den ikerketaz Oriako Ertzain-etxeko (Tolosa-Beasain) ikerketa taldea arduratu da, eta ikerketa horren ondorioz Alzira (Valentzia) inguruan lokalizatu dute ustezko erasotzailea. Azaldu dutenez, une horretatik aurrera, Ertzaintzak eta Espainiako Poliziak elkarlanean egindako lanari esker lortu ahal dituzte ikertuaren ebidentzia biologikoak. Lagin horiek eta biktimaren jantzietatik lortutako ebidentziak Ertzaintzaren Polizia Zientifikoaren Unitatearen laborategietan aztertu eta erkatu ostean, emaitzak erabakigarriak izan dira erasoaren egilea ziurtatzeko.

Asteazkenean atxilotua agintari judizialaren eskuetan jarri ondoren, epaileak fidantzarik gabeko espetxeratze komunikatua agindu zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!