Elkarrizketa

«Lasterketa bat irabazteko gai izango nintzenik ere ez nuen espero»

Imanol Garcia Landa 2022ko urr. 6a, 19:59

Afizionatuen txirrindularitzan bere lehen urtea egin du Gorka Sorarrain tolosarrak, bi garaipen lortuz, baina adinarengatik ezin du hurrengo urtean euskal egutegiko probetan parte hartu.

Urte berezia izan da Gorka Sorarrainentzat (Tolosa, 1996), ustekabez beterikoa, eta berak egin duena ere deigarria izan da afizionatu mailako txirrindularitzarentzako.

Zure lehenengo urtea izan da aurtengoa txirrindulari bezala. Pauso hori 26 urterekin egiteak bihurtzen zaitu berezi, ez delako ohikoa adin horretako txirrindulariak izatea tropelean.

Bai, hain justu, tropeleko zaharrena izan naiz. Txikitatik egin ditut hainbat kirol, eta saskibaloian federatuta jokatu dut orain hiru urtera arte. Saskibaloia uzterakoan, bizikleta bat erosi nuen eta pixkana hasi nintzen. Konfinamendua etorri zenean, arrabolean-eta gehiago aritu nintzen, emozionatu egin nintzen, eta aurreko udan bi edo hiru zikloturista proba egin nituen. Nire burua aurreko postuetan ikusi nuen, eta lagun batzuek animatu ninduten afizionatu mailako lehian sartzera.

Beraz, afizionatu mailako probetan lehiatzen hasi zinen aurten. Baina ez zenuen talderik, ezta?

Hori da, independente bezala aukera dago lasterketetan izena eman eta parte hartzeko. Nire kabuz hasi nintzen lehiatzen, eta hasierako helburua lasterketak amaitzea zen. Baina hasieratik ikusi nuen aurreneko taldetxoan bukatzen nituela probak, aurreneko 20 edo 25en artean.

Eta sumatzen zenuen beste txirrindulariak hasi zirela zuri buruz galdetzen? Ezezaguna baitzinen beraientzat.

Bai, galdetzen zidaten zein nintzen eta nondik atera nintzen. Gainera, maillot ezberdinekin ateratzen nintzen, independente izanik aukera nuelako. Eroriko bat izan nuen, maillota hautsi eta beste kolore bateko maillot batekin atera nintzen, eta gero aldatzen joaten nintzen lasterketa batetik bestera. Norbaitek galdetu zidan ea despistatzeko egiten nuen kolore aldaketa.

Gero beste pauso bat iritsi zen zure ibilbidean.

Apirilean Zornotzako lasterketan hamaikagarren egin nuen eta aste horretan Cafes Baque taldeko zuzendariak idatzi zidan galdetuz ea beraiekin probatu nahi nuen. Urte hasieran ez nuen inondik ere uste talde baten deia jasoko nuenik. Oso gustura hartu nuen aukera, beste pauso bat ematea zelako. Oso ezberdina da bakarrik lehiatzea edo talde batean zaudenean. Talde batean askoz gehiago ezagutzen duzu zer den txirrindularitza eta talde bezala lehiatzeak ekarpen asko egiten dizkizu. Azkenean, etapa guztiak berriak izan dira niretzat.

Taldean hasi eta emaitza oraindik hobeak iritsi ziren.

Bai, hurrengo lau edo bost lasterketetan lehen hamar postuetan sartu nintzen, eta ikusten nuen gertu nengoela zerbait garrantzitsuagoa lortzeko. Konfiantza hartzen joan nintzen eta ez nituen lehen postuak hain urruti ikusten. Azkenean, ekainean, Berriatuako proba irabazi nuen. Lasterketa gogorra izan zen, niretzako egokia. Azken mendatean lau geratu ginen, eta esprintean irabazi nuen.

Eta zer sentitu zenuen?

Ez nuen sinesten. Hor aurrean izateko aukerekin ikusten nuen nire burua, baina gauza bat da garaipenetik gertu ikustea zure burua eta beste bat irabaztea.

Lehendik tropelean ezaguna egin bazinen, garaipenarekin hori areagotuko zen, ezta?

Hainbat karreretan parte hartu eta gero jendearekin harremanak egin nituen, eta dagoeneko kontrolatzen ninduten. Baten batek esan zidan Roglic bezala nenbilela, berandu hasi arren nabarmentzen ari nintzela.

Berriatuako probaz gain, Gernikan ere irabazi zenuen.

Udan zehar lasterketa gehiagotan konfiantzaz ikusi izan dut neure burua, eta denboraldi bukaeran indartsu aritu naiz. Abuztu bukaeran, Gernikan, antzeko etapa gogor batean lortu nuen irabaztea. Azken mendatean hiru geratu ginen eta esprintean irabazi nuen. Hor aukerekin ikusten nintzen eta beste konfiantza batekin joan nintzen, baina poza berdina izan zen.

Eta taldean zer esaten zizuten?

Haientzako ere sorpresa handia zen, kasu berezia zelako. Adin honekin jendea ez da hasten, eta hasten direnak ez dute horrelako emaitzarik lortzen. Denontzako izan da ezustekoa.

Bi garaipenez gain, beste emaitza nabarmen batzuk ere izan dituzu.

Extremadurako Itzulian mendiko maillota irabaztea lortu nuen, eta Altsasun podiumean sartzea. Hortaz aparte esperientzia oso politak bizi izan ditut. Taldeak aukera eman zigun Frantzian itzuli batean parte hartzeko, eta denboraldi bukaeran, Italian, maila handiko proba batean parte hartu dugu. Gainera, Italian profesionalekin batera lehiatu ginen. Etapa batean laugarren postua lortu nuen, eta asko disfrutatu nuen: txirrindularitzan hasiberria izan eta nire burua ikustea etapa baten amaieran Zoncolan mendatea igotzen... Sekulako esperientzia izan da.

Bizi izan duzun urte berezi honek, baina, bigarren parte bat du. Izan ere, adinarengatik ezingo duzu aurtengo proba gehienetan parte hartu.

Hori da. Orain dela urte batzuk legea aldatu zen eta Euskaldun Torneoko eta Lehendakari Torneoko probetan 27 urtez azpiko txirrindulariek bakarrik parte hartu dezakete, eta nik ezingo dut parte hartu. Beraz, afizionatu mailako lasterketa nagusietan ezingo nuke parte hartu.

Eta hurrengo urtean txirrindulari bezala jarraitzeko zer aukera dituzu?

Orain zain nago ikusteko zer aukera atera daitezkeen. Hemengo probetan ezin dut parte hartu, eta aukera bat da afizionatu mailan jarraitzea, baina oso egutegi motzarekin. Gainera, lanean nabil eta zaila da biak bateratzea. Beste aukera izango litzateke profesionaletara pasatzea, baina hori oso zaila da.

Talde profesionalen ateak jotzen zabiltza?

Ez, Cafes Baque taldeko zuzendaria dabil pixka bat laguntzen, eta ateren bat jotzen. Baina gaur egun joera da gero eta txirrindulari gazteagoak igotzea profesionaletara. Nik hobby bezala hartu dut; beraz, zain egongo naiz, batere presiorik gabe. Ez nekien urtea nola joango zen, eta lasterketa bat irabazteko gai izango nintzenik ere ez nuen espero. Gainera bi irabazi ditut, urtean zehar maila ona eman dut eta gehienbat esperientziaz disfrutatu dut. Niretzako sorpresa handia eta polita izan da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!