Tolosan erabakiko da zein den Euskal Herriko gaztarik onena

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko urr. 6a, 17:59

Esneki, Euskal Herriko gazta eta esnekien azoka berezia ospatuko da Tolosan, azaroaren 3tik 5era. Egitarauak, besteak beste, Euskal Herriko gazta mota guztien lehiaketa, Frisoi Txapelketa, profesionalentzat kongresua edota ikastaro herrikoiak barnebilduko ditu.

Azoka berezi berri bat izango du aurrerantzean Tolosak: Esneki. Eliker Kalitatezko Elikaduraren Zentroak, Tolosako Udalaren, HAZIren, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Leartiker eta Esneki Zentroaren laguntzarekin sustatuta, esnekien inguruko hitzordu gastronomikoa izango da, azpimarra nagusia gaztan jarriz. Euskal Herriko gazta eta esneki aniztasunaren erakusle izango da Tolosa, azaroaren 3tik 5era, esnetik sortutako produktu mota guztiek izango baitute tokia azoka berri honetan. Hain zuzen, oparotasun hori balioan jarri eta gizarteratzera dator, eta horretarako, formaziozko saioak, gastronomikoak eta gozagarriak uztartuko ditu. 

Euskal Herriko zazpi probintzietan ekoiztutako gazta eta esneki mota guztien txapelketan zentratuko dira begirada gehienak, horixe baita Esnekiko hitzordurik nagusienetako bat. Azaroaren 5ean, larunbat goizez, ospatuko da, Beotibar pilotalekuan. Hamar mailatan banatuko da lehiaketa: gazta fresko eta gaztanberak, gazta laktikoak, pasta bigunak, gazta urdinak, behi-gazta onduak, ahuntz-gazta onduak, ardi-gazta onduak, pasta egosiak, gazta kremak eta jogurtak. Maila bakoitzean beste bi azpi-kategoria ere izango dira: alde batetik, gaztagileak berak ekoiztutako esnearekin sortutako gaztena; eta bestetik, hirugarren bati esnea erosi eta eraldatzen dutenena. 

Azpi-kategoria horietako bakoitzean puntuaziorik onena lortzen duten lehen hirurek jasoko dute saria. Behin hori argituta, gazta maila bakoitzeko irabazleen artetik sari nagusia nork eramango duen ebatziko dute. Gazta hori izango da txapeldunen artean txapeldun. Epaimahaia 40 pertsonak osatuko dute eta produktu bakoitzaren ezaugarri organoleptikoak baloratuko dituzte: itxura, ehundura, zaporea, usaina eta balorazio orokorra. Ekoizleek urriaren 21a baino lehen eman beharko dute izena Esneki.eus webgunean, eta horrekin batera, aurkezten duten produktu bakoitzaren xehetasunak azaldu beharko dituzte. Fitxa horiek webgunean bertan eskuratu daitezke, lehiaketako oinarri guztiekin batera.

Lehiaketak irauten duen bitartean, gainera, gazta aukera zabal hori ezagutzeko eta jateko dastaketa gidatua egingo da pilotalekuan bertan. Ordu erdiko sei txanda eskainiko dira 10:00ak eta 12:30eak bitartean, gehienez ere 20 laguneko taldetan banatuta. Leartikerreko adituek emango dituzte gazta bakoitzaren ezaugarrien inguruko azalpenak. Txartelak datozen egunotan jarriko dira eskuragai, Esneki.eus-en, 5 euroren truke. Pertsona bakoitzak gehienez bost sarrera eskuratu ahal izango ditu.

Ez da produktuak dastatzeko aukera bakarra izango. Bezperan, hilaren 4an, esnekietan oinarritutako afaria eskainiko du Mahaia Kolektiboak, inguruko sukaldari eta ekoizleen laguntzarekin. Otordua Ferialekuan izango da, eta txartelak 50 euroko salneurria izango du. Hori ere webgunearen bidez erosi ahal izango da.

Esperientzia hezigarriak sukaldean eta abereekin

Jakiak dastatuz gozatzeko ez ezik, dibulgazio eta formazio helburuak dituzten esperientziak ere barnebilduko ditu egitarauak, izan profesionalei zuzendutakoak, nahiz herrikoiak. Azaroaren 3an, ostegunean, bi hitzordu izango dira. Batetik, gazteentzako Delaletxe sukaldaritza ikastaroa, Fronton jatetxean. Esnekien errezetak egiten ikasi ahal izango da, Sonia Tapiaren eskutik. Beste saioa, Gaztaren bueltan izenekoa, elkarte gastronomikoei bideratutakoa izango da, eta hain zuzen, mahaiaren bueltan jarriko ditu elkarteetako bazkideak, gaztak eta esnekiak dastatu, eta beraien ezaugarriak ezagutzeko. Elkarte bakoitzeko bina pertsonak eman ahal izango dute izena, gehienez.

Hurrengo egunean, sektoreko profesionalak bilduko dituen topaketa egingo da Basque Culinary Centerren. Esnekiek gurean izan duten bilakaera, etorkizuneko erronkak, salmenta eredu berriak edo Euskal Gazten berreskurapenaz ariko dira, besteak beste, Malen Sarasua, Enric Canut, Clara Diez, Angel Nepomuceno edo Mikel Zeberio aditu eta arituak. 

Lehen sektorea herrira gerturatu, eta animalien zainketa eta ongizaterako lanak bertatik bertara ezagutzeko hiru aukera ere eskainiko dira Esnekin zehar. Lehena, ostiral arratsaldean, Ferialekuan: Errapetik ahorainoko bidea izeneko familientzako esperientzia hezigarriak, behiak jeztetik esnea eraldatu eta produktuak sortu arteko prozesuaren berri emango du. Urrats bakoitza nola egiten den ikusi ahal izango da saioan, Leartikerreko ikerlarien, eskualdeko baserritarren eta Ama Jatetxeko Javi Rivero sukaldariaren eskutik. Izen-ematea doakoa da eta Esneki.eus-en egin beharko da.

Larunbatean izango dira beste bi esperientziak. Ferialekuan Euskal Herriko XIII. Frisoi Txapelketa egingo dela aprobetxatuz, behiak ile-apaindegian nola prestatzen dituzten erakutsiko dute 9:00etatik aurrera. Txapelketa bera 9:45ean hasiko da. 11:00etatik aurrera, berriz, San Frantzisko pasealekuak esnetan blaitzeko hiru jarduera hartuko ditu: Batetik, etxeko txikienek txekorrei esnea edaten emateko aukera izango dute. Leartikerren eskutik, hiruzpalau esne dastatzeko aukera ere izango da, bakoitzaren bereizgarriak ezagutzearekin batera. Azkenik, Orendaingo Larreta esnetegikoek esnekiak zuzenean nola eraldatzen dituzten erakutsiko dute. Artxibo parean kokatuko den gune hau irekia izango da, eta parte hartzeko ez da izena eman beharko.

Sektoreak bizi duen errealitatea

Xarles Iturbe, Merkataritza, Feriak eta Turismo zinegotziak azpimarratu du lehen sektorearekiko Tolosak duen konpromisoen adierazle dela azoka hau: «Esnekien bueltan, produktu aniztasun handia dago; abeltzaintza, gaztagintza eta esnegintza errotuak daude Euskal Herrian, eskualdean, eta baita Tolosan ere. Duela mende askotik saltzen da gazta Tolosako Azokan; sari ugari lortu dituzten ekoizleak ere baditugu inguruan eta gure herriko sukaldaritzaren ikur ere badira esnekiak».

Iurreamendi egoitzaren kanpoaldeko belardian egin dute aurkezpena, bertan sortu baitzen Gipuzkoako lehen nekazaritza-eskola. «Hemen egin ziren esne sektoreari lotutako lehen formazio saioak. Horrek guztiak eraman gaitu Esneki Tolosan ospatzera. Tradizioari eutsiz, lehen sektorea eta elikadura katea etorkizunean kokatzea da xedea, lehen sektorea indarberritzeko eta tokiko produktuak merkaturatzeko, baita lan horren aitortza modura ere. Eta esneki eta gazta ekoizle guztiei lekua eta protagonismoa emanez egin nahi dugu hori», azaldu du Iturbek.

Erronka horiekin bat datoz, hain justu, Eliker Zentroaren helburu nagusiak. Bere arduradun Imanol Zubelzuren hitzetan, «ezinbestean gizartean ere landu beharreko erronkak» dira. «Herritarrengan kontzientzia hori pizteko aukera eskaintzen du Esneki bezalako hitzordu zabal eta anitz batek, profesionalen eta herritarren formazioa sustatuz», gaineratu du.

Halaber, Malen Sarasua, Leartikerreko ikerlari eta gazta adituak nabarmendu duenez, esnegintza sektoreak eskatutako behar bati erantzuna emateko helburua du: «Dibertsifikaziorako joera eman da. Ardi gazta ondua nagusi den arren, gero eta gazta mota gehiago ekoizten dira, horietako batzuk ia galduta zeuden euskal errezeta tradizionalak berreskuratuz sortutakoak. Ezkutuko lan handia dago horren atzean, eta oraindik ezjakintasun handia ere bai. Nolabait, aniztasun hori balioan jarri eta gizarteratzera dator azoka berezi hau».

Eneko Dorronsoro Gipuzkoako Frisoi Elkarteko ordezkaria kezkatuta mintzatu da: «Gaur egun sektoreak bizi duen egoera oso larria da; egunero baserriak ixten ari dira eta esnearen prezioak oso baxuak dira». Hala ere, horrelako ekintzek sektoreari bultzada eman diezaioketela uste du. «Urteak dira Tolosan Euskal Herriko Frisoi Txapelketa antolatzen dugula; urteetan egindako hobekuntza genetikoaren emaitza da. Sektorean beharrezkoak diren indarguneak bilatu behar ditugu, eta hau da horietako bat. Hori dela eta, Esneki azokarekin bat egin dugu aurten, eta txapelketaz gain, bestelako ekintzak ere antolatu ditugu. Esnearen balioa mahai gainean jartzea izango da egun horietako gure helburua».

Egitaraua
  • Azaroak 3, osteguna
    • 18:30. Delaletxe: errezetak esnekiekin, gazteentzako sukaldaritza ikastaroa Sonia Tapiarekin.
    • 19:00. Gaztaren bueltan. Elkarte Gastronomikoetan, bertako bazkideentzako formakuntza eta dastaketa.
  • Azaroak 4, ostirala
    • 10:00. Esneki, topaketa sektoriala, Basque Culinary Center-en. Egitaraua:
      • 10:00. Agurra
      • 10:15. Esnekien ibilbidea Tolosaldean (Tolomendi)
      • 10:30. Euskal Gaztagintza Sektorearen Diagnosia (Malen Sarasua-Leartiker)
      • 10:50. Etorkizuneko erronkak (Enric Canut)
      • 11:20. Atsedena: gazta-dastaketa
      • 11:45. Salmenta molde berriak (Clara Diez)
      • 12:15. Higieniko-sanitarioen ezarpena gaztagintzan (Angel Nepomuceno)
      • 12:30. Gazta atzo, gaur eta bihar (Mikel Zeberio)
      • 12:50. Euskal Gaztak, mahai ingurua
    • 18:00. Errapetik ahorainoko bidea: familientzako esperientzia hezigarria, Ferialekuan. Behiak jeztetik esnekiak eraldatzerainoko ikastaroa, Javi Rivero (Ama taberna), Malen Sarasua (Leartiker) eta esne ekoizleen eskutik.
    • 20:30. Esneki esperientzia gastronomikoa, Ferialekuan. Esnekien inguruko afaria, Mahaia Kolektiboarekin.
  • Azaroak 5, larunbata
    • 8:00. Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Azoka Berezia, Trianguloan eta San Frantzisko pasealekuan.
    • 9:00. Erakustaldia: frisoi txapelketarako behiak ile-apaindegian, Ferialekuan.
    • 9:45. XIII. Frisoi Txapelketaren hasiera, Ferialekuan.
    • 10:00-12:30 (ordu erdiro). Euskal Herriko Gazta Mahaia. Euskal gazten aniztasuna ezagutzeko dastaketa gidatua, Beotibar Pilotalekuan
    • 11:00. Esneki Txapelketa: Euskal Herriko gazta eta esneki mota guztien txapelketa, Beotibar Pilotalekuan.
    • 11:00. Esnetan jarduerak: Frisoi elkarteak sustatuta txekorren zainketa gunea, Leartikerren esne-dastaketa gunea eta esnekiak eraldatzen ikasteko erakustaldia Larretaren eskutik, San Frantzisko pasealekuan.
    • 13:00. Esneki Euskal Herriko gazta eta esneki mota guztien txapelketako sari banaketa, Beotibar pilotalekuan.
    • 14:00. Euskal Herriko XIII. Frisoi Txapelketako sari banaketa, Ferialekuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!