«Gure adinean garrantzitsuena harremanak dira»

Jon Miranda Labaien 2022ko urriaren 9a

Joxe Mari Odriozola. J.M.

Joxe Mari Odriozolak 73 urte ditu eta duela zortzi urtetik bat egin du Beti Ikasten proiektuarekin.

Noiz animatu zinen hitzaldi ziklo honetan parte hartzera?

Duela zortzi urte. Musika eskolan hasi nintzen, gero kultur etxean ere pasa eta iaztik Topic-en aritzen gara. Oso kontentu gaude.

Zein lanbide zenuen aurretik?

Ingeniari teknikoa nintzen eta Oronan egin nuen lan erretiroa hartu nuen arte. Erretiroa hartu nuenean pentsatu nuen zerbait egin beharra zegoela. Aurrena euskarazko C1 maila lortzeko euskaltegian aritu nintzen eta hura bukatutakoan eman nuen izena Beti Ikasten elkartearen hitzaldietan.

Zertan laguntzen dizu ikastaroetan parte hartzeak?

Gure adinean garrantzitsuena harremanak direla iruditzen zait. Jendearekin harreman oso ona sortzen da. Hizlariek esaten dutena garrantzitsua da, baina gure arteko tratua ere gauza polita da.

Zein hitzaldi mota jarraitzen duzu bereziki gustura?

Juanjo Alvarez, Jose Luis Rebordinos edota Garbiñe Biurrun bezalako hizlarien saioak oso gustuko ditut. Urtetik urtera errepikatzen dute eta guretzako hori oso aberatsa da.

Gizonezko gutxiagok hartzen du parte hitzaldi hauetan. Zergatik?

Emakumeak adin honetara hobeto iristen dira gizonezkoak baino. Gainera bizitasun gehiago izaten dute eta joera gehiago elkarrekin gauzak egiteko. Egia da, hala ere, hasten denak ez duela uzten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!