ERREPORTAJEA

Bizkarrean, Hernioraino

Irati Saizar Artola 2022ko urr. 6a, 12:00

Xabier Garikano orientazio mahaiaren kontra, Hernion, 2006ean.

Hernioko tontorrean aurkitzen den orientazio mahaia bizkarrean hartuta eraman zuten bederatzi tolosarrek, 1950eko maiatzean, Tolosatik Herniora; gailurreko gurutzearen ondoan dago jarrita.

Mendi gailurretan kokatuta dauden elementu gehienek dute istorio eta zergatiren bat atzean jasota. Hernioko tontorrean aurkitzen den orientazio mahaiak, esaterako, badu berea. 1950. urtean igo zuten bederatzi tolosarrek, bizkar gainean, Hernioren bueltan dauden herri eta mendiak izendatzen dituen mahaia.

Bederatzi lagunetatik bizirik dagoen bakarra da Xabier Garikano tolosarra. Tolosatik Herniorako bidea egin zuten gainerako kideak Kepa Brau, Jose Mari Imaz, Jose Migel Maiza, Santos Otermin, Jose Baztarrika, Jose Mari Goiogana, Tomas Alonso eta Jorge Aranburu izan ziren. «Pisu handiegirik ez bazuen ere, ederki kosta zitzaigun», dio Garikanok, egun hura oroitzean.

1950eko maiatzean inauguratu zuten orientazio mahaia, Hernioko puntan. Hamabost urte atzera eginda hasi zen, ordea, mahaia han goian jartzeko ideia hori garatzen. Euskal Mendizale Federazioko kideak 1935ean igo ziren Herniora, bost urte lehenago Gorbeia mendian jarri zuten orientazio mahaiaren antzera, Hernion jarri nahi zuten mahaia kokatzeko leku egoki baten bila. «Bizkaian egin bezala, Gipuzkoan ere jarri nahi zuten horrelako mahai bat».

Garikanok gogoan du Frantzian enkargatu zutela mahaia, baina, 36ko gerra tarteko, «geldiarazi» egin zutela asmoa. Berriro jartzekotan zirenean iritsi zen Bigarren Mundu Gerra ere, eta horrek ere kontua atzeratu zuen. «Muga pasatzen ere nahiko komeria izan zituzten, gastuak ere gehitu zitzaizkien». Gainera, mendien izen batzuk ere aldatu behar izan zituzten, ordurako ez baitzuen Euskal Mendizale Federazioak jarriko mahaia, Espainiako Federazioa arduratuko zen lan horretaz.

Leher eginda

Aurten bete du mendeurrena Tolosa CF klubak, eta badu loturarik orientazio mahaiaren istorioarekin. «Garai hartan ere Tolosa CF ez zen futbola bakarrik. Alpino Uzturre sortu gabe zegoen oraindik, eta mendiko saila zuen klubak», kontatu du Garikanok. Jose Mari Peciña zen orduko lehendakaria eta hark aginduta igo ziren bederatzi tolosarrak Herniora. «Peciñak esan zigun: 'Orientazio mahaia asko kosta da, eta asko kostako zaigu gora igotzen'. Hasiera batean, asto baten laguntzaz eraman genezakeela pentsatu genuen, baina Peciñak bizkarrean eramateko eskatu zigun».

Horrela abiatu ziren 1950eko maiatzeko egun batez, bederatzi tolosar, bizkarrean mahaia zutela: «06:00etan atera ginen Tolosatik, poliki-poliki. Malakaraino igo ginen, eta jendea saihestearren, eskuin aldera hartu genuen eta handik igo ginen». Bezperetan egindako euri jasen ondorioz, «ikaragarrizko lokatza» zegoela oroitzen du Garikanok. «Mendian asko ibiltzen ginen, baina orduan ez genuen mendiko botarik, abarka eta alpargatekin ibiltzen ginen; egun hartan, alpargatak neramatzala gogoratzen naiz, eta blai eginda eraman nituen oinak».

Astorik gabe, baina 45 kilo inguruko mahaia nola eraman prestatzen aritu ziren aurretik. «Prozesioetan ematen diren bezalako andak egitea okurritu zitzaigun. Bi makilei kaxa bat jarri, eta kaxa hari koltxoi moduan hiruzpalau zaku jarri genizkion». Bizkarrean hartu, eta txandak eginez osatu zituzten kilometroak Herniora bidean, «komeriekin». «Bata altuagoa zela, bestea baxuagoa, lurra erabat lokaztuta zegoela, oraintxe harriak zeudela, irrist egiten genuela... leher egin ginen».

Argazkia: 2006ean, Hernioko tontorrera iritsi aurretik dauden burdinazko uztaietan.

Bidea nekez egin zutela dio, eta ezin izan zutela tontorreraino iritsi, «nahiz eta 19 urte izan eta sasoian egon»: «Gurutze zaharra eta burdinazko uztaiak dauden eremura iritsi ginen, halako batean. Txabola zahar bat zegoen orduan, orain berrituta dagoena. Gosaltzeko geratu ginen. Gogoratzen naiz etxetik eramandako ogitartekoa jan genuela, zahatotik ardoa edanez». Eta ordurako, inaugurazioa aurreikusita zegoenez, zain zuten jendea tontorrean. «Gosaltzen ari ginela, Maximo Aranburu tolosarraren anaia gerturatu zitzaigun, eta esan zigun tontorrean jendetza genuela zain. Tartean, igeltseroak zeudela mahaia armatzeko zain eta Madrildik etorritako jendea ere zain genuela. Baina ez ginen gauza gora iristeko, eta tolosar hark bakar-bakarrik mahaia bizkarrera jaso eta azken metroak egin zituen gora». Tontorrera iristeko indarrik ez, eta Garikano bera behintzat buelta erdia hartuta itzuli zen Tolosara. Ordutik hamaika aldiz iritsi da tontorrera, eta beti izan du gogoan egun hartan bizitakoa.

Orientazio mahaia Herniora igo aurretik, Tolosako lokal batean jarri zuten lehenik, «hilabete batez edo, jendeak ikus zezan».

Balerdiko gurutzea

Orientazio mahaia ez da bizkarrean hartu eta mendi tontor batera eraman duen elementu bakarra Garikanorentzat. Kontatu duenez, gaztetan, Balerdiko puntan jartzeko gurutze bat egin zuen, burdinazkoa. «Tornularia nintzen, eta hodi batzuekin gurutze bat egin nuen, puntak tornuan egin nizkion eta plaka bat ere jarri nion».

Duela 60 urte inguru jarri zuela du gogoan, eta duela bi urte norbaitek kendu egin zuela ere esan du. «Gaur egun ez dago bertan».

Gurutzea Balerdira eraman aurretik, «bost aldiz edo» joan ziren tontorrera, «gurutzea jartzeko tokia bilatu, zuloa egin eta burdinazko zarpa handi bat sartzera». Gero etorri zen gurutzea, eta porlanarekin lotu zuten. «Masa botatzen hasi ginen, eta urik gabe geratu ginen. Guk edateko eramandako ardoarekin amaitu genuen masa egiten, pentsa».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!