Hiru milioi euroko kreditu aldaketa onartu du udalak

Irati Saizar Artola 2022ko urr. 5a, 07:58

Zumarditxikiko obra lizitazioa abiaraztea, energia jasangarrian inbertitzea eta alokairuko 15 etxebizitza babestu eraikitzeko proiektua dira ardatz nagusiak.

Tolosako Udalak ia hiru milioi euroko kreditu aldaketa onartu du azken osoko bilkuran, besteak beste, Zumarditxikiko obra lizitazioa martxan jartzeko, energia eraginkortasunean neurriak hartzen jarraitzeko eta Iurramendi eremuan alokairuko 15 etxebizitza babestu eraikitzeko proiektua idazteko.

Kreditu aldaketa horretatik bi milioi euroko partida onartu dute Zumarditxikiko obra lizitazioa abiarazteko, EAJ eta PSE-EE-ren aldeko botoekin, eta EH Bilduren aurkako bozkarekin. Lizitazioa martxan jarri aurretik, baina, herritarrekin hainbat informazio saio egingo direla aurreratu dute eta aparkalekuen gaia ere itxiko dutela. Ondoren, Zumarditxiki eta Santa Klara kalea eraberritzeko proiektu integrala herritarrei aurkeztea da asmoa, eta orduan abiaraziko dute obra lizitazioa.

Obra egitearen aurka agertu da EH Bildu. Andu Martinez de Rituerto bozeramaileak esan du garrantzitsuena Alde Zaharreko bizilagunei aparkatzeko irtenbidea eman eta gero, autoak bertatik atera eta espazioa duintzea dela. Eta ondoren herritarrek izango dutela denbora «bertan zer egin erabakitzeko». Gainera, proiektua lantzeko egin den prozesu parte hartzailean, herritarrek lehen bileran ezarritako baldintzak ez direla errespetatu eta eztabaidarako tokirik ez dela izan salatu du: «Hasieratik aurkeztutako zirriborroari hobekuntzak proposatzera mugatu da herritarron rola eta iritzi kritikoa ez da aintzat hartu».

Olatz Peon Tolosako alkateak erantzun dio parte hartze prozesuak «errespetua» merezi duela, eta gogorarazi du proiektua ez duela talde politikoak egiten, baizik eta profesionalek: «Proiektua profesional talde batek egin du aho batez eskatu dizkiogun baldintza guztiak betez, proiekturik onena aurkezteko. Herritarrei begira, herritarrekin hitz eginez». Era berean, EH Bilduk ohartarazi du tolosarren gehiengoak ez duela proiektua ezagutzen. Beraz bi eskaera egin dituzte: proiektua mahai gainean uztea eta herritarrei entzuteko tartea uztea». Peonek esan du zortzi urteren ondoren espazioaren berreskuratzea zalantzan jartzeak ez duela tokirik: «Benetan uste dut herriari eskaini diezaiokegun proiektu onena jartzen ari garela mahai gainean, eta gure nahi hori zalantzan jartzea inolako oinarri edo arrazoibiderik gabe ez da zilegi».

Partaidetza prozesua «politikoki erabiltzen» ari direla adierazi du Joseba Ormazabal zinegotziak eta gehitu du proiektua ezin dela eraiki soilik herritarren iritziak kontuan izanda, «proiektua teknikoki eta profesionalki garatu behar da, beste hainbat esparru kontuan izanda: irisgarritasuna, mugikortasuna...».

Energia eta etxebizitzak

Kreditu aldaketarekin 340.000 euroko inbertsioa egingo du udalak energia eraginkortasunaren eta jasangarritasunaren alde. Besteak beste, udal eraikinetan LED argiak jarriko dituzte, eta EPAko eta Gorosabeleko eraikinetan galdarak aldatuko dituzte.

Etxebizitza alorrari lotuta, Iurramendi eremuaren garapenaren baitan, alokairuko 15 etxebizitza babestu eraikitzeko proiektuaren idazketa egingo da. 120.000 euroko aurrekontua jarri da horretarako. Era berean, Iurreko garajeetako hezetasun arazoei konponbidea emateko obra proiekturako dirua ere jarri du udalak, kreditu aldaketaren bidez.

Alokairurako laguntzak

Etxebizitza alorrari lotuta, alokairu ordainketa errazteko diru laguntzen ordenantzaren hainbat aldaketa onartu dira osoko bilkuran. Iaz eman zituen lehen aldiz diru laguntza horiek Tolosako Udalak, eta aurten, ordenantza egokitu dute «tolosar gehiagok izan dezaten laguntza jasotzeko aukera», Peonen arabera. Diru sarrera muga eta errentaren gehiengo kopurua handitu dituzte, eta hartzaile gisa, kolektibo berriak ere txertatu dira.

Etxebizitza hutsak eraberritu eta alokairu soziala bultzatzeko ordenantza ere behin betikoz onartu dute. Horrela, Eusko Jaurlaritzak etxebizitza hutsak birgaitzeko ematen dituen laguntzak osatuko direla esan du alkateak, «jabeek aukera gehiago izan dezaten etxebizitza hutsak eraberritzeko eta alokairuan jartzeko». Diru laguntza jasotzeko beharrezkoa izango da Alokabideren programetan izena ematea, «merkatu libretik kanpoko prezioa izan dezaten».

Aurreratu dute laster abiatuko direla etxebizitza hutsak eraberritu eta alokairu soziala bultzatzeko diru laguntza horiek eskatzeko deialdiak, eta alokairuen ordainketa errazteko diru laguntzen deialdia etorriko dela ondoren, ordenantza behin betiko onartzen denean. «Tartean, informazio saioak egingo dira, herritarrek eskura dituzten aukera guztien berri izan dezaten», esan du Peonek. Horren aurrean, EH Bilduk diru laguntza lerro desberdinak eta etxebizitzaren inguruko informazioa eta laguntza eskaintzeko Etxebizitza bulego bat irekitzea proposatu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!