Gazteen boluntariotza azoka egingo dute bihar Izaskun auzoan

Ataria 2022ko urriaren 4a

10:00etatik 13:30eara izango da eta 17 elkartek eta 850 gazte baino gehiagok parte hartuko dute. Gazteen artean boluntariotza sustatzea eta gizartearekiko konpromisoa indartzea da helburu nagusia.

Aurten ere, gazteen boluntariotza azoka antolatu dute Tolosako Udalak eta Inmakulada Ikastetxeak elkarlanean. Azokak boluntariotza, solidaritatea eta elkar-laguntza bezalako balioak indartzen ditu, Tolosa eta tolosarren elkartegintza sarea indartzen eta ehuntzen jarraitzeko. Eta hori guztia bat dator, halaber, udalak herri eragileen sarea indartzeko, gazteen ekintzailetza sustatzeko eta sendotze komunitarioa zein elkarlan publiko-komunitarioa sendotzeko dituen helburuekin.

Tolosaldeako ikastetxe guztiak daude gonbidatuta eta 850 gazte inguruk hartuko dute parte, besteak beste Herrikide, Laskorain Ikastola, Orixe, Don Bosco, Gainberri, Tolosaldea, Peñascal eta Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolako ikasleek.

Horrez gain, 17 elkarte egongo dira azokan beren proiektuak eta eskaintzak aurkezten: Jatorkin Al-Nahda, Abegi, Atzegi, Adinkide, Eskola Laguntza, Cear, Gizalde, Dya, AECC, Goyeneche, Itaka-Eskolapios, Gautena, Zutani, Urrats bat, Aspace, Asebier eta Dementzia Bizitzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!