ELKARRIZKETA

«Xehetasun txikietatik abiatuta, kontakizun zirraragarri bat eraikitzen da»

Leyre Carrasco 2022ko urr. 7a, 07:59

Fernando Bernues antzerki zuzendaria. MIGUEL ANGEL FERNANDEZ

Tanttaka Teatroa konpainiak gaur 20:00etan Tolosako Leidor aretoan aurkeztuko du Fernando Bernues zuzendariak gidatutako Semea pixka bat motelago dabil soilik antzezlana.

Ivor Martinic gidoilari kroaziarrak gaztetan idatzitako testuaz maitemindu zen Fernando Bernues (1961, Donostia) zuzendaria. Bi aldiz pentsatu gabe, kontaketa hori oholtza gainera eramatea erabaki zuen. Baina batzuentzako istorio huts bat dena, beste batzuentzako errealitate bat da. Azken modu horretan erakutsi nahi izan du Bernuesek Semea pixka bat motelago dabil soilik antzezlana. Egunerokotasunean sortzen diren arazoen eta kezken inguruan hausnartzera gonbidatzen duen lana da, hain zuzen. Ikusleekin konektatzea du helburu, eta hori lortzeko asmoarekin Tanttaka Teatroa konpainiak obra aurkeztuko du gaur 20:00etan, Tolosako Leidor aretoan.

Non ezagutu zenuen obra?

Duela bost edo sei urte Montevideon (Uruguai) eta Buenos Airesen (Argentina) biran egon ginen Muxua izeneko antzezlanarekin. Buenos Airesen geundela bertako jende askori Semea pixka bat motelago dabil soilik obraren inguruan hitz egiten entzun genion. Izan ere, lan hori bera hango antzoki batean aurkezten ari ziren. Denboraldiko ikuskizuna zen, gainera, eta hori ikustera joatea erabaki genuen. Lehenengo momentutik testuak eta istorioak berak liluratu egin gintuen, eta harrezkero, oso oroitzapen onarekin geratu ginen.

Noiz erabaki zenuen Buenos Airesetik gurera ekartzea?

Egia esan beti pentsatu izan nuen Espainian funtzio hori bera egingo zuen jendea egongo zela. Urte batzuk pasa ostean ikusi nuen hori ez zela horrela, eta obraren egilea aurkitzea eta berarekin harremanetan jartzea erabaki nuen. Ivor Martinic gidoilaria da egilea. Kroaziarra izan arren, Bartzelonan bizi ohi da. Berarekin harremanetan jartzea lortu nuenean bere baiezkoa jaso nuen; antzezlana libre zegoen. Obra hau nik hartu baino lehen, gurera ekartzeko bi edo hiru saiakera egin zirela kontatu zidan Martinic-ek. Pandemiaren eraginez eta aktoreen zerrenda oso zabala denez, ez zuten hori aurrera ateratzea lortu. Guk berriz, eskubideak erosi eta segituan lanari ekin genion.



Zein da obrak kontatzen duen istorioa?

Istorioak gauza asko kontatzen ditu. Gure egunerokoan bizi ohi ditugun gatazka txiki asko ditu tartean. Adibidez, nola bizi daitekeen egunerokoan sortzen diren dramekin; amets hautsiez; denboraren joan-etorriaz; familiako harremanak babesteaz eta zaintzeaz ere hitz egiten du; baita emakumeek harremanekiko duten zainketaz eta harreman horiek eusteko moduari buruz ere; maitasunaz edota maitasun hautsiaz; bizitzeko gogorik ez galtzeko eta gogo hori ez galtzeko borrokatzeko moduaz ere; edota zahartzaroko gaixotasunez ere hitz egiten du, besteak beste.

Beraz, bereziki, familia giroan sortzen diren gatazken inguruan kokatu dezakegu testuingurua?

Bai, azken finean testuingurua familia giroan sortzen da. Antzezlanak gurpil-aulkian dagoen semeak (Branko) 25 urte betetzen dituen egunean jartzen du arreta. Hain zuzen, familiak antolatzen dion urtebetetze festan sortzen dira lehen aipatutako gatazka horiek guztiak. Brankoren bi lagun izan ezik, aitona-amonak, ama, aita, izeba-osaba edota ahizpa dira gatazka guzti horien eragileak. Familia bateko hainbat belaunaldi ikusten ditugu, eta, oro har, emakumeak dira protagonistak; gizonak, berriz, disidenteagoak dira. Ez daude inoiz etxean, beti alde egiten dute; hau da, gatazka horietaz aldentzen dira. Horregatik, gatazka guzti horiek gainditzeko ahalegina egiten dutenek, nekeari eta beste gauza askori ihes egin gabe, emakumeak dira.

 

«Ez dago gatazka handirik; sentsazio desberdinak sortzen dituen emozio- eta bizitza-sarea da»



Hau da, bizitzari buruzko gogoeta egitera gonbidatzen du ikuslea.

Hori da, bakoitzak bere bizitzan duen jabetzari buruzkoa. Zer egiten dugu gure bizitzaren jabetzarekin? Batzuetan hurbilena duguna babesgabetzen dugu, eta ez dugu aintzat hartzen emakume baten ahalegina, ez gara gai dagokigunari erantzukizuna emateko. Azken finean, antzezlan honek egunerokotasun hurbilago hori leku ederragoa eta osasungarriagoa izan dadin lortzea nahi du, eta, alde horretatik funtzioa nahiko suntsitzailea da.

Funtzio honek ez du beste inongo misteriorik, baina ikusleari arnasketa mozten dioten uneak ditu. Horregatik, ikusle bezala esan dezaket gure eguneroko bizitza nolakoa den eta gure egunerokoan familiarekin dugun jokatzeko moduaren inguruan hausnartzera garamatzan obra bat dela. Izan ere, batzuetan burbuilak eraikitzen hasten gara, eta, azkenean, egoera horrek zure bizitzan bakardadea soilik dakar.

Zein da familiak jasan duen egoera?

Ez da familia desegituratu bat, baina akastuna da. Brankoren amari (Mia) izugarri kostatzen zaio semeak ibiltzeko duen ezintasuna onartzea. Amonak (Ana) berriz, Alzheimer sintomak ditu, eta aita (Robert) inoiz ez dago etxean, lanpetuta bizi den gizona baita. Aitaren presentzia erlatiboa alaba txikia (Doris) da, eta amak jasan duen minak alabarekin duen harremana indartzea eragozten dio, besteak beste. Akastuna terminoa erabiltzen da familia horretan pertsonaia guztiek nolabaiteko mina dakartelako.



Zergatik uste duzu obrak ikusleekin hainbeste konektatzea lortzen duela?

Gure egunerokotasuneko egoera asko hurbiletik ezagutuko ditugulako eta denok dugulako gure bizitza oztopatzen duen arazoren bat. Denok sentsazioak ditugulako edo testuak kontatzen digun istorioarekin hurbileko sentsazioak izan ditugulako. Ziur nago testuaren osagai asko antzezlana ikusten duten pertsonen bizitzan agertzen direla. Hori obra lehen aldiz ikusi genuenean gertatu zitzaigun. Horregatik, identifikatuta sentituko garen une asko egongo dira, edota bereziki pertsonaiekin identifikatuta sentituko garenak ere.

Eta zuri zein sentimendu piztu zizun obrak lehen aldiz ikusi zenuenean?

Antzezlana ikusle moduan ikusi nuenean guztiz hunkitu ninduen, sentimenduak nahasi zizkidan eta kezka sortu zidan. Hausnarketa egitera gonbidatzen duten testuak gustatzen zaizkit, baita emozioak ukitzen dituztenak ere. Interpelatu egiten didaten testuekin lan egitea gogoko dut, ikuspuntu askotatik, gainera; intelektualki nahiz emozionalki. Obra honek nigan sentimendu hori eragin bazuen, idazketa estetiko on bat eginez gero, nirekin lortu zituen sentimendu horiek beste askorekin ere lortuko lituzkeela pentsatu nuen. Horregatik erabaki nuen obra hau gurera ekartzea.

 

«Gure egunerokotasun txikiaren eta batzuetan joaten diren bakardade guzti horien gainean begirada jartzea proposatzen du antzezlanak»



Egia esan, material aparta iruditu zitzaidan. Gainera, oso gazte idatzi zuen autore kroaziar baten lan handia da. Martinic-ek gutxi gorabehera 25 urte zituela idatzi zuen, eta seguru nago une horretan jasaten ari zen hurbileko familia-egoera zail baten ezagutza pertsonal baten aurrean egin zuela.

Udako etenaldiaren ostean oholtza gainean izango zaituztegu bueltan. Leidor izango da lehena, hain zuzen, eta gaur aurkeztuko duzue. Zer ikusiko dugu?

Antzezlana ikustera hurbiltzen direnak uste dut oholtza gainean egingo dugun lan handiaz gozatzeko aukera izango dutela. Oso aukera gutxi daude aktoreen zerrenda hain dotore eta zabala ikusteko. Hamar aktore dira guztira, Miren Arrieta, Ane Gabarain / Klara Badiola, Mireia Gabilondo, Asier Hernandez, Ander Iruretagoiena, Xabi Jabato López, Maria Redondo, Martxelo Rubio, Jose Ramon Soroiz eta Dorleta Urretabizkaia dira antzezleak, hain zuzen. Oso kalitate oneko interpretazio ugari daude mahai gainean, eta testu oso hunkigarri bat antzeztuko dute. Gainera, ez da Tolosan izango garen lehen aldia izango. Oso gustuko dugun plaza da, eta, nolabait, etxean jolasten arituko gara.

'SEMEA PIXKA BAT MOTELAGO DABIL SOILIK'

 

FITXA

Egilea. Ivor Martinic.

Itzulpena. Aizpea Goenaga Nikolina Zidek-en itzulpenean oinarrituta.

Antzezleak. Miren Arrieta (Doris, ahizpa), Ane Gabarain / Klara Badiola (Ana, amona), Mireia Gabilondo (Mia, ama), Asier Hernandez (Mihael, Ritaren senarra), Ander Iruretagoiena (Tin, laguna), Xabi Jabato López (Branko), Maria Redondo (Sara, laguna), Martxelo Rubio (Robert, aita), Jose Ramon Soroiz (Oliver, aitona) eta Dorleta Urretabizkaia (Rita, izeba).

Zuzendaritza eta espazio eszenikoa. Fernando Bernues.

Zuzendari laguntzailea. Vito Rogado.

Jantzitegia. Ana Turrillas.

Argiztapen diseinua. Xabier Lozano.

Koordinazio teknikoa. Acronica Producciones.

Argazkilaritza. Mikel Martinez.

Diseinu grafikoa. Oier Zuñiga.

Administraritza. Maite Gorrotxategi.

Ekoizpen exekutiboa. Ane Antoñanzas.

Ekoizpena. Nagore Plazaola Paola Egibar.

Banaketa. Portal 71.

Produkzioa. Tanttaka Teatroa.

 

 

'SEMEA PIXKA BAT MOTELAGO DABIL SOILIK'

 

SINOPSIA

Mia ezinbesteko emakume bat da, beste asko bezala; ezinbestekoa bere etxeko eguneroko bizitzan. Bere deabruen aurka borrokatzen du, ama, aita, alaba eta senar disidente bat zaintzen dituen bitartean, baina norbaitengan jartzen badu bere indarra, bere seme Brankorengan da, pixkanaka mugikortasuna galarazten ari zaion izen gabeko gaixotasun bat baitu. Gaur, Brankok 25 urte bete ditu, eta bere familia akastunak (gaur disfuntzional deituko genioke) festa bat prestatu dio. Hori izango da abiapuntua inoiz garrantzitsua izan zenaz eta gure arreta guztia merezi duenaz hitz egiteko, umorez, xalotasunez eta zintzotasun basatiz: oroimena, familia, denboraren joana, desberdina dena onartzea, gaztetasuna, maitasuna, beldurra, bakardadea, edertasuna, abandonua, eromena, gaixotasuna... Bizitza.

Nire semea pixka bat motelago dabil soilik testu bikaina da eta ez da hitz egiteko modu bat. Sari ugari jaso ditu eta hainbat eta hainbat herrialdetako agertokietan ari dira antzezten, etengabe. Familiaren etxea izango da kokalekua, eta hantxe biziko ditugu hainbat egoera; batzuk barregarriak, beste batzuk krudelak edo hunkigarriak, eta asko sailkatzeko zailak. Pertsonaien adin aniztasuna deigarria da oso: aitona-amonak, amak, seme-alaba nerabeak, denetarik dago, eta erregistro zabal horrek piezari barietate eta aberastasun izugarria ematen dio. Bestalde, harrigarria da testua berehalako errealitate batean idatzita egon litekeela pentsatzea. Gure geografia industrialeko edozein auzo proletariotan kokatuta imajina dezakegu lasai asko, baita landa ingurunean ere, giro euskaldun batean. Emanaldiaren egilearen edo pertsonaien izena jakin gabe, ez genuke inoiz pentsatuko Balkanetatik datorkigun istorio bat denik. Hori gertatzen da testu handiekin, argi eta garbi unibertsalak diren horiekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!