Nerea Eizagirreren gol zoragarria

Ataria 2022ko urriaren 3a

Realeko jokalari tolosarrak ate barrura bidali zuen ia zelai erditik egindako jaurtiketa loratua.

Ederra eta bikaina. Halakoa izan zen, atzo, Nerea Eizagirre Realeko jokalari tolosarrak Sevillaren aurkako partidan egin zuen gola. 2-0 zioan galtzen talde donostiarra, eta 84. minutua zen; zelai erdia baino aurrerago ateari bizkarra ematen zegoela, taldekide baten pasea jaso, baloia kontrolatu, eta atera begira jarri ondoren, bitan pentsatu gabe, jaurtiketa loratua egitea erabaki zuen Eizagirrek. Gol horri esker, andaluziarrek zuten bi goleko abantaila laburtzea lortu zuen Realak. Luzapeneko azken minutuan, binakoa ezarri zuten markagailuan, Gabriela Garciak egindako golari esker.

Une honetan, ligako sailkapenean zazpigarren postuan dago Eizagirreren eta Izarne Sarasola ibartarraren taldea, Txapeldunen Ligako postuengandik puntu bakarrera.

Hain justu, ostegunean jokatu zuen Realak aurtengo Txapeldunen Ligara sailkatzeko kanporaketa faseko itzulerako partida Munichen (Alemania), Bayernen aurka. Joaneko partidan 0-1 irabazi zuten alemaniarrek, eta beraz, guztia erabakiko zen itzulerakoan. Realak neurketa ona egin bazuen ere, Bayernek lehen zatian lortutako abantaila handiegia izan zen talde gipuzkoarrarentzat. 43. minuturako 3-0 aurreratu ziren alemaniarrak, eta Realak atsedenaldia baino lehen lortu egin zuen gola. Bigarren zatian ez zen aldaketarik izan markagailuan, eta 3-1eko emaitzarekin amaitu zen partida. Eizagirrek partida osoa jokatu zuen; Sarasolak, berriz, ez zuen minuturik jokatu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!