Guztia prest dute urriaren 12ko kroserako

Ataria 2022ko urriaren 4a

San Esteban auzoko Ttonttor Kultur Elkarteak antolatuta, eta auzoko Kultur Astearen barruan, Tolosako XXXIV. Herri Krosa egingo dute, bihar zortzi.

11:00etan hasiko da helduen lasterketa, 8,1 kilometrokoa. Urtero bezala, lasterkariek aldez aurretik Shanti Kirolak dendan eman dezakete izena, 12 euro ordainduta. Egunean bertan, San Esteban auzoan eman ahalko dute izena, 17 euroren truke.

Behin helduen lasterketa amaituta, haur eta gaztetxoen korrika saioak ikusteko aukera egongo da. 12:00ak inguruan hasiko da Tolosako VII. Txiki-Krosa. Beste urte batez, bi mailatan banatuko dituzte lasterkariak. 9 urtera arteko haurrek, 500 metroko ibilbidea osatu beharko dute. 10 eta 14 urte bitarteko gaztetxoek, berriz, 1.250 metro egingo dituzte. Bi lasterketa horietan ez da sailkapenik egongo, eta izena ematerakoan, Saharako kanpamenduetarako umeei bidaltzeko eskola materiala entregatu beharko dute parte hartzaileek.

Antolatzaileek aldez aurretik abisatu dute ez direla egon litezkeen istripu edo ezbeharrez arduratuko. Bestalde, pozik agertu dira, herriko kaleak korrikalariz beteta ikusteko irrikaz daudelako.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!