Jende ugari elkartu zen Usabal kiroldegian. Aurretik izena emanda 600 pertsona inguru zueden, eta joan zirenak 500dik gora izan ziren, harmailak betez. «Oso gustura gaude jende kopuruarengatik, eta baita jarri zuten giroarengatik, oso animoso etorri ziren eta giro polita izan zen», esan du antolakuntzako kidea den Imanol Esnaolak. «Biribila atera zen, eta oso gustura gaude».
Bideo batekin hasi zen festa, Tolosa CF-ren inguran, Pablo Dendaluzek egindakoa, gogoan izanik kluba mendeurrena ospatzen ari dela. Ondoren, eskubaloi atalaren 50. urteurrena ospatzen hasi ziren. «Hainbat ardatz azaldu nahi genituen. Batetik, gure neurriarengatik eta atala osatzen dugunongatik, familia bat garela sentitzen dugu. Eta Bixente Artolak egiten lagundu zigun bideo baten bidez erakutsi genuen hori», esan du Esnaolak. Ondoren, «argazki historikoa» ateratzeko unea izan zen, eta gaur egungo jokalariak zein izandakoak elkartu ziren bertan, berrehun inguru. «Lehen aldiz 1. Maila Nazionalera igo zen taldeko kide ia denak izan ziren bertan, eta 25 urtez elkar ikusi gabekoak berriro elkartu ziren, eta oso polita izan zen».
Zenbait sorpresa izan ziren ekitaldian, eta horietako bat hiru pertsonei egindako omenaldia izan zen. Juan Martin Amiano Porta eskubaloi ataleko lehendakaria, Jose Miguel Telleria Piruli bere laguntzaile estua, eta eskubaloia Tolosara ekarri zuen Javier Lorz Kapu izan ziren omenduak. Aurreskua dantzatzeaz gain, oroigarria eman zitzaien. «Beraientzat ezustekoa izan zen eta eskertu zuten jasotako omenaldia», esan du Esnaolak.
Beste sorpresa handi bat Txapel maskotaren aurkezpena izan zen. «Ez zuen inork espero eta gustura jaso zuen jendeak. Orain talde nagusiaren partidetan ikusi ahalko da, besteak beste», esan du Esnaolak. Bestalde, hainbat bideo erakutsi ziren, estatuko lehen mailako gizonezkoen (Asobal) eta emakumezkoen (Iberdrola) jokalarienak, Tolosa CF-ri zorionduz bere urteurrenarengandik. Tartean ere Paco Caro kazetariaren mezua erakutsi zuten, estatuko eskubaloiaren ahots eta aurpegi ezagunena. Ekitaldian hainbat erakundeetako ordezkariak izan ziren: Gipuzkoako Foru Aldunditik zein Tolosako Udaletik, eskubaloiko euskal zein Gipuzkoako federaziotik, eta Bidasoa klubeko Gurutz Aginagalde lehendakaria eta Bera Bera klubeko Tati Garmendia lehendakaria.
Behin Usabalgo ekitaldia bukatuta, txaranga batek lagunduta atera ziren gonbidatu guztiak, festari jarraipena emateko Laskorain Ikastolan. Su artifizialak ere izan ziren tartean, eta harridura sortu zuen ere jendearen artean. Festan musika izateaz gain, argazkiak ateratzeko gune bat izan zuten, eta baita edariak eta jatekoa ere. Azken hori, Anoetako talogileen eskutik. «25 pertsona inguru izan ziren eta mila talo baino gehiago egin zituzten. Jendea harrituta utzi zuten», esan du Esnaolak.
Tolosa CF-tik eskertu diote ekitaldian izan ziren guztiei, bai jokalari eta jokalari ohiei, zaleei zein erakundeetako ordezkari eta babesleei ere. Sei pertsonako lan taldea izan da azken hilabeteetan ekitaldia eta festa antolatzen, eta asteburuan 50 boluntario inguru izan ziren laguntzen. «Laguntzeko jende asko zegoen prest, eta hori da gure benetako altxorra. Ostiraletik hasita dena muntatzen, eta igandera arte dena txukun utziz, hau dena posible egitea ahalbideratu dute», esan du Esnaolak.
Argazkiak: AGERREMEDIA
Jokalari eta jokalari ohien argazkia: JOSEBA URRETABIZKAIA