Gaztetxoak ere ausartu dira zinta gainean

Ataria 2022ko urriaren 1a

Oreka Tolosa Slackline taldeak Highline topaketa antolatu du asteburu honetarako; Oria ibaiaren gainean jarri dituzten 165 metroko zintetan aritu dira trebeenak eta gaztetxoentzat kirolean trebatzeko jokoak egin dituzte.

Zinta gainean jarri, bertan oreka mantendu, erori, berriro saiatu, eta horrela pixkana, hasieran zaila zena errazago egin arte. Hori da Oreka Tolosa Slickline taldekoen esanetan kirol honetan aditu izateko gako nagusia. Bada, norbere trebezia erakusteko parada izan da gaur, eta gauza bera egin ahalko da bihar, Highline topaketa antolatu baitute.

Orekari trebeenak Zerkausiko goiko terrazatik Izaskungo bideko petrilera luzatzen diren 165 metro luzerako eta 15 metroko altueran kokatutako bi zintetan aritu ahal izan dira. Oreka ahalik eta gehien mantenduz alde batetik bestera egitean datza, eta izan dira erronka lur gainean oinez ari zirenaren erraztasunez gainditu dutenak.

Zerkausiaren barrualdean, berriz kirolean trebatzeko hamaika aukera, batez ere txikienentzat. Oreka mantentzen ikasteko hodietan aritu dira gerturatu diren gaztetxoak, eta baita zutabe batetik bestera, altuera desberdinetan jarritako zintetan ere.

Eta, tartean, pilotekin nahiz boloekin edota monozikloan trebezia erakusten ere aritu dira, Oreka Tolosa Slackline taldekoek esan bezala, "zirku girokoak baitira guztiak".

Erlazionatuak

Highline topaketa

Ataria 2022 urr 01 Tolosa

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!