Elikadura burujabetzaz hausnartu dute

Ataria 2022ko urriaren 1a

Galtzaundi Sormenetik elikad 1 1664629735904
Galtzaundi Sormenetik elikad 2 1664629737160
Galtzaundi Sormenetik elikad 3 1664629737441

Lurtaro elkarteko Maddi Sarasola eta Errigora ekimeneko Iker Ajuriagerra izan dira Jakoba Errekondorekin solasean, Sormenetik egitasmoaren barruan.

Sormenetik ekimenaren aurtengo bigarren saioa elikadura burujabetzari eskainia izan da. Horretarako, Galtzaundi Euskara Taldeak gaia lantzen ari diren bi mugimenduren, Tolosaldeko Lurtaro elkartea eta Errigora ekimen herritarra, lekukotzak eraman ditu Zerkausiaren azpialdera.

Hain justu, Lurtaro elkarteko Maddi Sarasola eta Errigorako Iker Ajuriagerra izan dira Tolosan euren esperientzia, ekimenen sorrera edota helburua azaltzen, eta saioa aurkeztu eta beraiei galderak egiteko ardura Jakoba Errekondo agronomo eta paisajistak izan du. Solasaldia amaitzean, zainzuri eta ardo dastaketa egingo dute.

Lurtaro 2019ko ekainean jaiotako ekimena da, eta 2021ean bihurtu zen elkarte. Bederatzi pertsonak eman zioten hasiera bide horri eta tartean badira kontsumitzaileak, ekoizleak, herri mugimendu ezberdinetako kideak edota erakunde publikoetan esperientziadunak ere. Honek aukera ematen die elikadura kateaz bere osotasunean hausnartzeko eta elkarri lotuta dauden arazoei erantzun integrala emateko Tolosaldean. Lurtaro kooperatiba sortzeko eratze batzarra egitea erabaki berri dute. Abenduaren 17an sortuko dute kooperatiba, eta bitartean lan taldeak egin dituzte, ekoizpena, kontsumoa edota estatutuen lanketa egiteko. Horietako batean parte hartzeko, lurtaro@komunikazioa.eus helbidera idatzi behar da.

Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da Errigora. Nafarroa hegoaldea du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz. Bi kanpaina bultzatzen ditu urtean zehar Errigorak, eta auzolanari esker, bertako euskalgintzari ekarpen-ekonomiko garrantzitsua egiten zaio, saltzen duten saski bakoitzaren balioaren %25, hain justu.

Euskara, sorkuntza eta azoka elkarren artean aberastea du helburu Sormenetik ekimenak, eta horren bitartez, herritarrek euskal sortzaileen ikuspegia zuzenean jasotzeko aukera dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!