Ekainean bete zituen Tolosa CF-k ehun urte eta hurrengo ekainera arte hainbat ekitaldi ospatzen eta antolatzen ari dira. Atzo, mendeurreneko liburua aurkeztu dute Tolosako udaletxeko batzar aretoan. Klubeko nahiz erakundeetako ordezkariez gain, gonbidatu bereziak ere bertaratu ziren; hain justu, Tolosa CF-ko lehendakari izandakoak eta liburuan agertzen diren zenbait herritar. Bere historian zehar, 33 lehendakari izan ditu klubak, eta atzo, horietatik zazpik klubaren mendeurreneko urrezko intsignia bana jaso zuten: Migel Izagirrek, Jesus Mari Goyak, Jose Angel Gabarainek, Juan Oiarzabalek, Jon Aldazabalek, Iñaki Arratibelek eta Iñaki Ayerzak.
Olatz Peon Tolosako alkateak aitortu zuen «ohore handia» dela berarentzat Tolosako alkate modura klubaren mendeurren ospakizunaren parte izatea. «Ibilbide handiko kluba da, eta herriaren historiaren eta bilakaeraren zati garrantzitsuetako bat. Iragana izan zuen, badu oraina, eta etorkizuna ere izango du. Tolosa CF-k ahalegin handia egin du balioak sustatzen, eta horrek herriaren nortasuna indartu du». Halaber, klubaren partaide guztiak zoriondu zituen, eta eskerrak eman zizkien.
Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirol Zuzendariak hartu zuen ondoren hitza: «Ez da nolanahiko kluba. Gizon eta emakumeen kirolak bultzatzen ditu, eta jarduera fisikoa eta kirol inklusiboa jorratzen ditu zenbait alorretan. Hori guztia ehun urtez mantendu ahal izatea goraipatzekoa da», esan zuen.
Iñaki Arratibel mendeurreneko ekitaldien koordinatzaileak liburua egiten hasi aurreko erabakiak nola hartu zituzten azaldu duzuen. «Ezinezkoa zen klubean gertatu den guztia sartzea. Ez da soilik klubaren historia, herri baten historia baizik». Horrez gain, gogoan izan ditu urte guzti hauetan kluba bizirik mantentzeko lanean aritu diren guztiak. «Isilpeko lan handia egin dute, saririk irabazi gabe, kirola sustatu nahian. Askotan, gainera, ez dira aitortuak izan. Une honetan, zortzi sail ditu klubak, batzuk beste batzuk baino indartsuagoak, baina guztiek osatzen dute familia bera, eta denek indartzen dute Tolosa CF. Kluba herritar guztiona da, eta beste hainbeste urtez bizirauteko, guztion beharra dugu».
Joxemi Saizarrek 30 elkarrizketa egin ditu liburua idazteko, eta berak bildu ditu bertan jasotzen diren datuak. Joseba Urretabizkaiaren argazkiekin osatu du lana. Atzoko aurkezpenean liburuaren nondik norakoak azaldu zituen, eta tartean, umorez josi zituen Tolosa eta kirola: «Zein herrik du, elurra 200 kilometrotara izanda, azken lau urteetan neguko olinpiar jokoetan parte hartu duen kirolari bat? Eta ba al da kostarik gabeko herririk arraunean Tolosak baino fitxa gehiago dituenik? Eta barrualdeko zein herrik antolatzen du hondartzako boleibol txapelketa bat? Hori ere Tolosaren parte da. Estatu mailako lehen estadioa ere Tolosan eraiki zuten».
Tolosa CF «erreferentziazko klub handi bat» dela nabarmendu zuen Saizarrek. «Ezinbesteko funtzio soziala betetzen du, eta horretan, eragina izan dute azken 25 urteetan instalakuntzetan egindako hobekuntzek eta klubeko atal ezberdinetan emakumearen presentzia biderkatzeak. Esaterako, gaur egun klubean hezi diren bi neskek jokatzen dute Realaren lehen taldean, eta goi mailako kirolariez hitz egiten jarraituz, bihar (gaur), pilota sailean hezitako eta goi mailan ari diren pilotariak ikusteko aukera izango dugu Beotibarren».
Amaitzeko, Iñaki Martixa klubeko lehendakariak eskerrak eman zizkien erakundeetako ordezkariei, baita aurkezpenera gerturatu diren herritarrei ere. 100 zenbakia borobila bada ere, 2.022 are borobilagoa dela azaldu zuen: «Kluba honaino iristeko beharrezkoa izan da 2.022 lagun baino gehiagoren lana. Txarteldegian zozketarako boletoak saltzen, zelaia margotzen, entrenamenduak prestatzen eta bestelako zereginetan aritu dira».
Bai liburuan, baita atzoko aurkezpenean ere, gogoan izan zuten eskubaloi saila; izan ere, 50. urteurrena betetzen du aurten. Behin aurkezpena amaituta, Aranburu jauregian, Tolosa CF-ren mendeurrenaren erakusketa inauguratu zuten. Bertan, argazkiak eta klubarekin lotura duten hainbat elementu daude ikusgai. Azaroaren 13a bitarte egongo da zabalik.