Tolosarren iritziak eta bozkak biltzen ari dira

Ataria 2022ko ira. 30a, 13:11

Ekimen honen bigarren fasean, gipuzkoarrek 36 proiekturen artean 10 aukeratu behar dituzte. Gipuzkoako Foru Aldundiaren karpa egun osoan egongo da Tolosan.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2022-2023ko Aurrekontu Irekiek martxan dute bigarren fasea eta, testuinguru honetan, foru erakundearen karpa Tolosan dago gaur egun osoan zehar, tolosarren iritziak eta botoak jasotzen. Fase honetan, herritarrek aurreko fasean proposatu dituzten ideietatik eratorritako 36 proiekturen artean aukeratu behar dute gipuzkoarrek eta, ondoren, Aldundiak bi milioi euroko inbertsioa egingo du bozka gehien jasotzen dituzten ekimenak gauzatzeko. Eider Mendoza Gobernantzako foru diputatuak azaldu duenez, udaberrian egin zen ekimenaren lehenengo faseak «oso emaitza onak» utzi ditu. «Orain, bigarren fase honetan, Aldundia kalera irten da, eta herriz herri eta plazaz plaza gabiltza, gipuzkoarren kezkak eta beharrak entzuten. Horregatik gaude gaur Tolosan», azaldu du.

Foru diputatuak gogoratu du ekimena Etorkizuna Eraikitzeko parte dela, eta proiektu hau Gipuzkoako Foru Aldundiak esku artean duen garrantzitsuena dela. Mendozak azaldu duenez, 2022-2023 Aurrekontu Irekiak udaberrian jarri ziren martxan eta orduan, apirilaren 26tik maiatzaren 20ra egin zen lehenengo fasean, herritarrei eskaini zitzaien beraien proposamenak egiteko aukera. «Herritarren erantzuna oso ona izan da: 2.398 proposamen jaso ditugu, 1.541 lagunek hartu dute parte, eta 88 udalerrietatik jaso ditugu proposamenak. Lehen faseari buruz egiten dugun balorazioa, beraz, oso ona da», adierazi du.

Azken hilabeteetan, lehenengo fasean herritarrek egin dituzten proposamen guztiak aztertu eta Aldundiko teknikariek «forma» eman diete, proiektuak identifikatu eta osatuz. 36 proiektu aukeratu dituzte eta orain, bigarren fasean, 36 proiektu horien artean aukeratu beharko dute herritarrek: zehazki, herritar bakoitzak 10 aukeratu beharko ditu. Irailaren 12an hasi eta urriaren 7ra bitartean ari dira egiten fase hau, eta parte hartzeko lau modu daude: Gipuzkoa.eus/partaidetza web-orrian, postaz etxean jasoko den txartelen bidez, Aldundian eta udaletako informazio bulegoetan parte hartze txartelak utziz, edota herritarrekin aurrez aurreko topaketetan bozkatuz. Azken puntu honetarako, bigarren fase honetan karpa bat dabil herriz herri, eskualde guztiak bisitatuko dituena. «Fase honetan bozkatuen suertatzen diren proiektuak izango dira Aurrekontu Irekien laguntza lerroaren bitartez finantzatuko direnak eta, guztira, 2 milioi euro bideratuko ditugu honetara», esan du Mendozak.

Fase hau amaitu ostean, urri erdian, parte hartze prozesu guztiaren emaitzak jaso eta gizarteratuko dira, eta herritarrek aukeratu dituzten proiektuak martxan jarriko dira. «Beraz, herritarrei parte hartzera animatzea besterik ez zaigu geratzen. Aldundi bezala, ilusio berezia egiten digun ekimena da Aurrekontu Irekiena, herritarrentzako partaidetza bide zuzen eta zabala baita. Eta, udazken honetan, gainera, berriro ere kalean herritarrekin aurrez aurre egoteko aukera ematen digu ekimenak; are bereziago egiten du honek egitasmoa», nabarmendu du Mendozak. Amaitzeko, gogoratu du pasa den urteko prozesuan, fase guztietan, 7.000 lagunek hartu zuten parte, eta 2022-2023 Aurrekontu Irekien erronka zenbateko hori hobetzea dela. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!