Bueltan da Mugi Tolosa

Ataria 2022ko ira. 29a, 15:48

Urriaren 5ean hasiko da denboraldi berria, eta ohi bezala, asteazkenero elkartuko dira adineko pertsonak ibilaldiak egiteko, "ohitura osasuntsuak sustatu eta bakardadeari aurre eginez".

Mugi Tolosa egitasmoa bueltan da, eta aurtengoan "bereziki indartsu eta gogotsu" datorrela adierazi dute, "bakardadeari eta sedentarismoari bizkarra eman eta adineko pertsonen artean ohitura osasuntsuak sustatzeko prest". Datorren asteazkenean, urriaren 5ean, ekingo zaie berriro ibilaldiei, ohiko moduan, asteazkenero, Zerkausitik bi taldetan banatuta. 10:30ean lehen taldea eta 11:00etan bigarrena. Ibilaldi bakoitzeko antolakuntza elkarte ezberdinen eta udalaren artean elkarbanatuko da.

Jose Mari Villanueva Tolosako Udaleko kiroletako zinegotzia, Osakidetzako, Herrikide ikastetxeko edota Goyeneche Fundazioko ordezkariak eta Mugi Tolosako lehen taldeko partaide bat izan dira ikasturte honetako egitaraua aurkezten. Gogoratu dute ekimenak adineko pertsonak elkartu, kalera atera eta lagun artean paseo atseginak ematea duela helburu. 

Ibilaldi oro herriko boluntario ezberdinen laguntzarekin egingo da, eta hain zuzen boluntario horien lana azpimarratu du Villanuevak: “Mugi Tolosak zahartzaro aktiboa sustatzea du oinarri eta ez du inor atzean utzi nahi. Ikasturte honetan ere, boluntario sare zabal baten babesa du eta horien guztien lanari eta laguntzari esker, interesa duen adineko orok izango du parte-hartzeko aukera, baita ibiltzeko laguntza behar dutenek ere”.

Boluntario moduan ariko dira, besteak beste, Iturriza, Harizpe eta Beti Gazte jubilatu elkarteak; Ilarki elkartea, Goyeneche Fundazioa, Gurutze Gorria, Iurramendi Egoitza, Uzturre Asistentzia Gunea, Osasun Publikoa, Nagusilan eta Adinkide, Osakidetza eta Asuncion Klinika eta Herrikide, Laskorain, Orixe, eta Tolosako Lanbideko ikastetxeak.

Osasuna eta zaintza ardatz duen egitasmoa

Mugi Tolosaren beste helburuetako bat da gizartea oro har eta bereziki tolosarrak gure adinekoen zaintzak eta babesak duen garrantziaren inguruan kontzientziatu eta sentsibilizatzea, kolektibo honek dituen beharrak ikusaraziz eta horien irudia balioan jarriz.

Ildo horretan, azken urteotan lanketa berezia egin da Tolosako ikastetxe desberdinetako ikasleekin ibilaldietan parte har dezaten. Horri esker, herriko gazteen inplikazioa eta parte-hartzea indartu dira, ikasleen partaidetza altua lortuz. Gazteen presentzia, gainera, adinekoentzat lagungarri izateaz harago, elkar-ezagutzeko eta belaunaldi ezberdinen arteko harremanak sustatzeko baliagarria dela azaldu dute. Hori horrela, aurtengoan ere boluntario gisa ariko dira lanean, hain zuzen, urriaren 19tik aurrera.

Ibilbide luzeko ekimena

Eragile ezberdinen inplikazioarekin ekimenak jada bederatzi urte daramatza martxan eta urtetik urtera berrikuntzak izan ditu. Pandemiak eragin gogorra izan zuen arren, Mugi Tolosa berpizten ari da eta iaz jada 37 irteera egin ziren, guztira 1.452 laguneko parte hartzearekin. Ibilaldiko batez-bestekoa 40 lagunekoa izan da orain arte, egun onenean 76 lagun izatera heldu arte.

Antolatzaileek herritar oro gonbidatu dute parte-hartzera, "sozializatzeko edota ohitura osasuntsuak eta zahartzaro aktiboa sustatzeko baliagarria izateaz harago, kontaezinak direlako Mugi Tolosak norberaren zaintzan izan ditzakeen onurak, bai fisikoak zein emozional edo mentalak ere: erresistentzia, malgutasuna, bizkortasuna, borondatea, laguntasuna, babesa, konpainia, lasaitasuna…".

Gainera, adierazi dutenez, urte osoz parte-hartzen dutenek opari bat jasoko dute ikasturte amaieran, beren tinkotasuna eta esfortzua balioan jartzeko.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!