Bideoklipa

Postal Kolekzionistak taldeak 'Bat gutxiago gara' abestia aurkeztu du

Ataria 2022ko irailaren 29a

Oraindik konposizio prozesuan dagoen hirugarren estudioko lanaren aurretik kaleratzea erabaki dute.

 «Suizidioari buruzko kanta da, edo hobeto esanda, bere buruaz beste eginiko lagunari eskainitako kanta», adierazi dute.

Postal Kolekzionistak taldea bere hirugarren estudioko lana izango denaren konposizio prozesuan dabil, baina haren aurretik abesti hau kaleratzeko «beharra» sentitu eta azken asteetan hau grabatzen aritu dira. «Irailaren 27an, duela urtebete lagun batik bere buruaz beste egin zuen. Esan eta esan gabiltza suizidioaz hitz egin behar dela, estimatizazioa gainditu… Eta nik berriz idatzitako kantua nirekin gordetzea nuen buruan. Egonda hor nire kontzientzia eta nire intimitatearen arteko talka bat, baina sentitu nuen diskurtsoarekin zentzudun izatea abestia kaleratzea zela, eta halaxe egin dugu», azaldu du Iñigo Asensio proiektuko abeslari eta konposatzaileak. 
Asensiok gaineratu du «ezusteko kantua» dela, eta horregatik «diskoa osorik izan arte ez itxarotea» erabaki dutela. 


Abestian ohiko taldekideak aritu dira (Michel Longarón, Juanjo Falcón, Ander Zubillaga, Irene López eta Iñigo Asensio bera). Aurreko diskoan bezela Beñat Igerabide arduratu da nahasketa eta produkzioaz eta Gorka Urra ahotsen grabaketa eta masterizazioaz Lezoti Estudioan.

Abestiarekin batera taldeak bideoklipa ere publikatu du gaur. «Oso ikus-entzunezko xumea da, bakarrik grabatu eta editatu dudana», azaldu du Asensiok. Bideoklipeko margolaria Fortu Ruiz de Eguilaz tolosarra da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!