Udazkenetik udaberrira eszenaratuko dituzte txotxongiloak

Ataria 2022ko ira. 28a, 19:59

2022-2023 ikasturterako Titereszena programa aurkeztu dute Topic-en; urritik ekainera bitarteko egitaraua prestatu dute, era guztietako ekitaldiekin.

Txotxongiloak protagonista izango dira, beste behin, Tolosan. Gaur aurkeztu dute Topic-en 2022-2023 ikasturterako Titereszena programa. Urtero legez, askotarikoa eta zabala den egitaraua prestatu dute Topic-eko ordezkariek: tailerrak, erakusketak, ikuskizunak, bisita gidatuak, bisita gidatu antzeztuak… Era guztietako ekitaldiak, haur, gazte zein helduentzat. Aitor Imaz Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakariak adierazi du ikasle ugari espero dituztela: «Gipuzkoa osoko ikastetxeetako 2.000 haurrek bisitatuko dute museoa ikasturte honetan».

Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak, Topic museoak urteetan egin duen lana zoriondu eta erakundeek horrelako ekimenak martxan jartzeko egiten duten ahalegina goraipatu du. «Une honetan, transmisioa da txotxongilolarien erronka nagusietako bat, eta horregatik, familiek eta haurrek kulturarekiko duten konexio horretan, erreferentziazko zentroa da Topic, ez soilik Tolosan, baita nazioartean ere», adierazi du. Mari Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura zuzendariak, transmisio hori erakundeen bitartez egitea «ezinbestekoa» dela esan du. Bestetik, Titereszena programako parte-hartzaileen maila azpimarratu du: «Kalitate eta oihartzun handiko konpainiak etorriko dira».

Alfredo Sanzol, Zentro Dramatiko Nazionaleko zuzendariak gaur bisitatu du lehen aldiz Tolosako museoa. Izan ere, hitzarmen baten bitartez, Tolosako Ekinbide Etxeak eta Topic-ek kudeatzen dute Madrilgo Valle Inclan antzokiko programazioa; aurtengoa bederatzigarren aldia da. «Plazer eta luxu handia da guretzat Topic-ekin elkarlanean aritzea, eta ilusioz gainezka gaude», aitortu du. Aurtengo Titereszenan izango diren emanaldien gaiak azaldu ditu ondoren: «Ekologiari, identitateari, ametsei edota sorkuntzari buruzkoak dira. Egungo gizartean errepikatzen diren gatazkak eszenaratuko dituzte, eta horiek bertaratuko diren adin desberdinetako ikusleengana heltzeak balio handia du, izakien artean ere bere tokia izatea baita arte eszenikoen helburu nagusia.

Halaber, erakundeak zoriondu eta eskertu nahi izan ditu Sanzolek, ematen duten babesagatik: «Politikan, arrisku handia hartzen da zenbait kultur ekimenen alde apustu egiten denean, baina kulturaren parte garenak ere askotan arriskatzen gara, erabakiak hartzerakoan, adibidez. Gero, baina, politikariak kritikatu ohi ditugu, eta horregatik, garrantzitsua da apustu horiek gizartea aberasten dutela onartzea. Topic ez da kasualitate hutsez sortutako gunea, lan eta eskarmentu handiaren emaitza baizik».

Urriaren 8an hasi eta maiatzaren 13ra bitarte luzatuko da txotxongilo ikuskizunen egitaraua. Berrikuntza modura, bonuak (zortzi ikuskizunetarako) eskuragarri jarriko dituztela adierazi du Juanjo Herrero Topic-eko zuzendaritzako kideak. Helduenak 45 euro balioko du; haurren (12 urtera arte) bonuak 24 euro balioko du. «Artea eta pedagogia uztartzea da antolatzaileen helburua, ikastetxeekin lan egin ahal izateko», esan du Herrerok. 

Estitxu Zaldua Topic-eko zuzendaritzako kideak VI. Udazkeneko Eskolaren nondik norakoak azaldu ditu: «Txotxongilo profesionalen formakuntzarako aurrerapauso handia da proiektu hau. Aurten, Vladimir Zakarov errusiarraren eskumutur-txotxongiloa berreskuratu eta ezagutzera eman nahi dugu. Modu trinkoan lan egingo dugu, txotxongilo mota honen eraikuntzan eta manipulazioan trebatu ahal izateko. Horretarako, teknika horretan adituak diren bi artista izango ditugu Topic-en».

Aurten, gainera, etapa berri bati ekin dio Topic museoak, zuzendaritza berria baitu, Juanjo Herrero eta Estitxu Zalduaren gidaritzapean. Olatz Peon Tolosako alkateak ibilbiderik onena izan dezaten nahi du: «Martxan dagoen tren batera igo dira, eta hori ez da erraza izaten batzuetan. Ziur naiz lan bikaina egingo dutela Tolosako kulturaren alde, eta etapa berri honetan udala bidelagun izango dute uneoro» adierazi du. Ildo beretik, Topic-en orain arteko ibilbidea balioan jarri nahi izan du, Idoia Oteguik urte luzez egindako lana eskertuz: «Eskerrik asko Tolosa nazioartean ezagutzera emateagatik, Tolosa txotxongiloen hiriburu bilakatzeagatik eta, nola ez, gure herriko kultur jardueraren alde egindako lan guztiagatik ere».

Titereszena 2022/2023

Txotxongilo-antzerki saioak
  • Urriak 8, larunbata
    • 18:30. Zuhaitzak landatzen zituen gizona. Gorakada konpainia (Euskal Herria). Gomendatutako adina: 7 urtetik gora. Hizkuntza: Euskara. Iraupena: 55 minutu.
  • Azaroak 5, larunbata
    • 18:30. Uanna. Clicole konpainia (Andaluzia, Espainia). Gomendatutako adina: familiarra, 6 urtetik gora. Hizkuntza: Hitzik gabea (mutua). Iraupena: 52 minutu.
  • Abenduak 3, larunbata
    • 18:30. Chinchulina y el ruiseñor de la China. La Canica konpainia (Madril, Espainia). Gomendatutako adina: familiarra, 4 urtetik gora. Hizkuntza: Gaztelania. Iraupena: 45 minutu. 
  • Urtarrilak 21, larunbata
    • 18:30. El árbol del Teneré. La Negra konpainia (Valentzia, Espainia). Gomendatutako adina: familiarra, 6 urtetik gora. Hizkuntza: Gaztelania. Iraupena: 40 minutu.
  • Otsailak 4, larunbata
    • 18:30. Gambara. Markeliñe (Euskal Herria). Gomendatutako adina: 6 urtetik gora. Hizkuntza: Hitzik gabea (mutua). Iraupena: 55 minutu. 
  • Martxoak 18, larunbata
    • 18:30. Una historia boca abajo. La Baracca (Italia). Gomendatutako adina: 3 urtetik gora. Hizkuntza: Hitzik gabea (mutua). Iraupena: 35 minutu.
  • Apirilak 29, larunbata
    • 18:30. La mona Simona. La sonrisa del lagarto (Asturias, Espainia). Gomendatutako adina: familiarra, 5 urtetik gora. Hizkuntza: Gaztelania. Iraupena: 50 minutu.
  • Maiatzak 13, larunbata
    • 18:30. La Fabula de la ardilla. La Baldufa (Herrialde Katalanak). Gomendatutako adina: familiarra, 3 urtetik gora. Hizkuntza: Hitzik gabea (mutua). Iraupena: 50 minutu.
Ikastaroak
  • VI. Udazkeneko Eskola
    • Data: Azaroaren 14tik 27ra. Iraupena: 100 ordu. Adina: Guztientzat. Izena emateko: pedagogia@cittolosa.com. Prezioa: 400 euro (Unimako bazkideek, 300 euro).
  • Barazki txotxongilo tailerra (Tolosako Udala, Merkataritza, Feriak eta Turismo Sailarekin elkarlanean)
    • Data: Urriak 15. Ordua: 11:00-13:00. Gomendatutako adina: Guztientzat. Izena emateko: pedagogia@cittolosa.com. Prezioa: Doan.
  • Tailerra + ikuskizuna
    • Data: Ikuskizunen egunetan. Ordua: 17:00. Gomendatutako adina: familiarra. Izena emateko: 943 650 414 edo pedagogia@cittolosa.com. Prezioa: haurrak 8 euro, haurrentzako sarrera murriztua 7 euro, helduak 10 euro eta helduentzako sarrera murriztua 8 euro.
  • Eskola kanpaina 2022/2023
    • Datak: ostiraletan; urriak 7, azaroak 4, abenduak 2, urtarrilak 20, otsailak 3, martxoak 17, apirilak 28 eta maiatzak 12. Ordua: 10:00-15:00 edo 10:00-12:00. Gomendatutako adina: 3 urtetik aurrera. Izena emateko: pedagogia@cittolosa.com. Prezioa: Ikuskizuna + museoa + tailerra 12 euro, eta ikuskizuna + museoa/tailerra 8 euro.
  • Ikuskizunik gabeko eskola kanpaina
    • Datak: hitzartutakoak. Ordutegia: 10:00-12:00. Gomendatutako adina: 3 urtetik gora. Izena emateko: pedagogia@cittolosa.com. Prezioa: 8 euro.
  • Platopic online tailerrak
    • Datak eta orduak: Hitzartutakoak. Gomendatutako adina: Lehen Hezkuntzatik aurrera. Izena emateko: pedagogia@cittolosa.com. Prezioa: 140 euro ikasgela bakoitzeko (20 ikasle; 20tik gora, bost euro ikasle bakoitzeko).
Aldi baterako erakusketak
  • Jordi Bertran, 45 urtez txotxongilolari
    • Datak: Irailaren 30etik otsailaren 28ra.
  • La Tartana
    • Datak: Martxoaren 10etik irailaren 10era.
Erakusketak Anbigu aretoan
  • Tito Saavedrari omenaldia
    • Datak: urriaren 28tik azaroaren 13ra.
  • Titirijai jaialdiaren 40. urteurrena
    • Datak: azaroaren 19tik 27ra.
  • Blok arte eskola
    • Datak: 2023ko maiatzaren 23tik ekainaren 4ra.
Bisita gidatuak
  • Bisita gidatuak nahierara
    • Gomendatutako adina: guztientzat. Izena emateko: 943 651 404 edo cit@cittolosa.com. Prezioa: 60 euro taldeko (gehienez 5 lagun; 5etik gora, 12 euro pertsona bakoitzeko).
  • Bisita gidatu arruntak
    • Datak: Hilabeteko azken larunbata. Gomendatutako adina: guztientzat. Izena emateko: 943 651 404 edo cit@cittolosa.com. 5 eta 15 pertsona arteko taldeak. Prezioa: helduek 6 euro, haurrek (12 urtera arte) 5 euro.
  • Bisita gidatu antzeztuak haurrentzat
    • Datak: Hilabeteko lehen larunbata. Ordua: 11:30 (euskaraz) eta 12:30 (gaztelaniaz). Gomendatutako adina: familiarra. Izena emateko: 943 651 404 edo cit@cittolosa.com. 5 eta 15 pertsona arteko taldeak. Prezioa: helduek 10 euro, haurrek 8 euro.
  • Txotxongilolaritza eta emakumea
    • Eguna: Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna (urriak 21) eta Emakumearen Nazioarteko Eguna (martxoak 11). Ordua: 11:30 (euskaraz) eta 12:30 (gaztelaniaz). Izena emateko: 943 651 404 edo cit@cittolosa.com. 5 eta 15 pertsona arteko taldeak. Prezioa: helduek 6 euro, haurrek (12 urtera arte) 5 euro.
  • Bisita gidatu tematikoa
    • Ordua: 16:30 (euskaraz) eta 17:30 (gaztelaniaz). Gomendatutako adina: familiarra. Izena emateko: 943 651 404 edo cit@cittolosa.com. 5 eta 15 pertsona arteko taldeak. Prezioa: helduek 6 euro, haurrek (12 urtera arte) 5 euro.
Beste ekitaldi batzuk
  • Azaroak 5, larunbata
    • Europako Ondare Jardunaldiak.
  • Azaroaren 19tik 27ra
    • Txotxongilo erakusketa Tolosako erakusleihoetan.
  • Abenduaren 16tik 29ra
    • Sarrera solidarioa museora.
  • Martxoak 21, asteartea
    • Txotxongiloen Nazioarteko Eguna. Ordua: 16:30. Gomendatutako adina: familiarra. Izena emateko: 943 651 404 edo cit@cittolosa.com. Prezioa: ikuskizuna + tailerra 8 euro.
  • Maiatzak 18, osteguna: Museoen Nazioarteko Eguna. Izena emateko: 943 651 404 edo cit@cittolosa.com.
    • 10:00-19:00. Ate irekiak.
    • 17:00. Helduentzako doako bisita gidatuak euskaraz (gehienez, 15 lagun).
    • 18:00. Helduentzako doako bisita gidatuak gaztelaniaz (gehienez, 15 lagun).
    • Ondoren. Fotopic argazki lehiaketako parte-hartzaileen aurkezpena, argazki erakusketaren inaugurazioa eta sari banaketa.
  • Maiatzak 19, ostirala: Gau Zuria.
    • 16:00-00:00. Ate irekiak.
    • Ordu berean. Musika eskolako taldeen emanaldiak museoko aretoetan.
    • Iluntzean. Koktel zuriaren dastaketa, Bide-Bide hotelaren eskutik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!