Proposamenak jasotzeko prozesua abiatuko dute

Jon Miranda Labaien 2022ko ira. 27a, 19:58

2023ko aurrekonturako proposamenak luzatu ahal izango dituzte tolosarrek; aurten, lehen aldiz, ekarpena aurrez aurre edo 'online' egin ahal izango da

olosako Udalak prozesu berria abiaraziko du urrian, Joseba Ormazabal Gobernantza eta partaidetza zinegotziak esan duenez, «2023ko aurrekontuari begira Tolosa hobe bat eraikitzeko herritarren proposamenak jasotzeko». Urriaren 3tik azaroaren 3ra luzatuko da prozesua eta herritarrei erraztasunak emateko helburuarekin, teknologia berriak erabiliko dituzte herritarren iritziak biltzeko, aurrez aurreko partaidetza bideak mantenduta.

«Herritarrei ahotsa ematea, elkarlanean aritzea eta tolosarrak udal erabakietan inplikatzen jarraitzea ezinbestekoa da gure jarduna aurrera eramateko. Urrats bat gehiago egin dugu partaidetza digitalaren alde, udalaren eta herritarren arteko elkarrizketa erraztu eta sustatzeko», azpimarratu du Ormazabalek.

Gobernantza eta partaidetza zinegotziak aipatu duenez, udalak hainbat proiektu landu ditu azken urteetan herritarrekin, herriko eragile eta taldeekin. Prozesu deliberatzaile berritzailea ere hartu du gogoan eta aipatu du eratzeko prozesuan den Herritarren batzarrak urriaren 22an egingo duela lehendabiziko saioa.

AURREZ AURRE ETA 'ONLINE'

Tolosako Udalak egunotan esku-orria bidali du etxe guztietara parte hartze prozesuaren inguruko xehetasunak emanez. Proposamenak egiteko galdetegia topatuko dute herritarrek bertan. Urriaren 3an informazio jardunaldi bat egingo dute kultur etxean, 18:00etan, ekarpenak eta proposamenak zein modutara egin daitezkeen azaltzeko.

Garikoitz Lekuona udaleko teknikariak azaldu duenez, tolosarrek urriaren 3tik 16ra bitartean bi modutara egin ditzakete ekarpenak: «Galdetegia bete eta herritarren arreta bulegoan, kultur etxean eta Usabal kiroldegian jarritako postontzietan utzita; edo bestela udalaren webgunearen bidez».

Jasotako proposamen guztiak sailez sail aztertuko dituzte eta udal langileek egindako balorazio teknikoaren berri emateko beste informazio jardunaldi bat antolatuko da azaroaren 3an, 18:00etan, kultur etxean. Bilera horretan bozketa prozesuaren inguruko xehetasunak ere emango dituzte, izan ere, azaroaren 3tik 6ra, herritarrek ideia edota proposamen interesgarrienak bozkatu ahal izango dituzte. «Bozketak aurrez aurre edota online egin ahal izango dira eta pertsonako gehienez hiru proiektu bozkatu ahal izango dira», esan du Lekuonak.

Bozka gehien eta tolosarren artean interes gehien piztu duten proposamen eta egitasmoak 2023ko aurrekontu proiektuan txertatzeko azterketa egingo du Tolosako Udalak. «2023. urteko aurrekontua osatzerakoan oso kontuan hartuko ditugu tolosarren proposamenak», adierazi du Ormazabalek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!