Erretiroa hartuta, ikasten jarraitzeko aukera

Ataria 2022ko irailaren 28a

Beti Ikasten elkarteak urriaren 4an hasiko du ikasturtea eta irailaren 30a bitarte eman daiteke izena. Ikasturte hasierako ekitaldia 10:00etan izango da, Topic zentroan.

Beti Ikasten 2010ean sortutako irabazi asmorik gabeko kultura elkartea da. Elkartearen helburua da pertsona helduen norbanako eta taldeko gaitasunen garapena ahalik eta hoberen sustatzen laguntzea, «beti ere bazterkeria saihestuz eta gizartearen parte hartzea bultzatuz». Hori lortzeko hainbat hitzaldi eta saio izaten dituzte eta astearte eta asteazkenetan egiten dituzte saioak, 10:00etatik 12:00etara, Topic zentroan. Urrian hasi eta maiatzera bitarte ariko dira, eta urteko matrikula 150 eurokoa da.

Saioetan askotariko gaiak lantzen dituztela esan du Karmen Sanz elkarteko zuzendaritzako kideak. «Gaiak aukeratzeko garaian besteak beste, literatura, zinema, musika, zientzia, klima aldaketa, historia, politika, filosofia, osasuna edota psikologia hartzen dugu kontuan, bazkideengan formazio orokor bat lortu nahi dugulako». Unibertsitateko irakasleengana, gai zehatzetan aditu diren pertsonengana eta erretiroan urteen poderioz metatutako jakinduria partekatu nahi dutenengana jotzen dute hitzaldi edo saioak eskaintzeko. Parte hartzeko edota informazio gehiagorako bikastentolosa@gmail.com helbidera idatzi daiteke.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!