Tolosa CF mendeurrena

Ekitaldiz bete du asteburua Tolosa CF klubak

Tolosaldeko Ataria 2022ko ira. 27a, 16:00
Imanol Esnaola, IƱaki Arratibel, Ana Garro eta Xabier Yanguas, asteburuko ekitaldien aurkezpenean.

Mendeurrena ospatzen ari da Tolosa CF, eta horren harira, ostiralean mendeurrenari buruzko liburua eta argazki erakusketaren aurkezpena egingo dute, eta larunbaterako pilota jaialdia eta eskubaloi festa antolatu dituzte.

Ekainean bete zituen Tolosa CF-k ehun urte eta hurrengo ekainera arte hainbat ekitaldi ospatzen eta antolatzen ari dira. Asteburu honetan hainbat izango dituzte. Ostiral arratsaldean bertan, 18:30ean hasita, mendeurreneko liburuaren aurkezpena egingo dute, Tolosako udaletxearen batzar aretoan. Joxemi Saizar eta Joseba Urretabizkaia liburuaren egileez gain, mendeurrenaren oinarrizko laguntzaileak diren Tolosako Udala eta Eusko Jaurlaritzaren  ordezkariak izango dira bertan. «Aurkezpenean egoteko ere gonbidatu ditugu klubeko lehendakari izandakoak, eta liburuan agertzen diren hainbat pertsona. Beraz, klubaren historian parte hartu duten hainbat izango dira bertan», esan du mendeurreneko ekitaldien Iñaki Arratibel koordinatzaileak. Herritarrak ere gonbidatuta daude aurkezpenera.

Behin liburuaren aurkezpena amaituta, Aranburu jauregian, Tolosa CF-ren mendeurrenaren erakusketa inauguratuko dute. Bertan, argazkiak eta klubarekin lotura duten hainbat elementu izango dira ikusgai. Azaroaren 13a bitarte izango da zabalik erakusketa.

Pilota jaialdia

Beste ekitaldi nagusietako bat larunbatean egingo den pilota jaialdia izango da. Beotibar pilotalekuan egingo da, 17:15ean hasita. Baiko enpresarekin lotu dute jaialdia eta lehenengo partidan Agirre eta Bakaikoa ariko dira elkarren aurka, Lau eta Erdiko txapelketaren atarikoan. Ondoren, Jaka-Albisu eta Peña II-Mariezkurrena II arteko partida jokatuko da. Xabier Yanguas pilota saileko kideak azaldu duenez, «saiatu gara klubarekin zerikusia dutenak jaialdian izaten, eta kontentu gaude gure gertuko pilotariak eta hor goran daudenak izango direlako». Jaialdia bukatzeko, hirugarren partidan Tolosa Aurrera klubekoek jokatuko dute elkarren aurka: Altuna-Iztueta eta Unai Amiano-Ugartemendia. «Horietatik Iztuetak eta Ugartemendiak Baikorekin aurrehitzarmena dute, eta partida interesgarria izango da bai gertutik jarraitzen diogunentzat zein pilotazaleentzat ere». Sarrerak Internet bidez lortu daitezke Baikoren webgunetik edo egunean bertan Beotibarko leihatilan.

Eskubaloi Festa

Tolosa CF-ko eskubaloi sailak 50. urteurrena betetzen du aurten, eta Eskubaloi Festa antolatu du larunbaterako. Imanol Esnaola eskubaloi saileko kideak azaldu du aspaldi hasi zirela festa antolatzen: «Lehen eskubaloian aritutakoak eta gaur egun dabiltzanak elkartzea da izan da asmoa». Ekitaldia Usabalen hasiko da, bertan egingo den saio batekin. 19:30ean irekiko dituzte ateak, eta goiko kantxan egingo dute ekitaldia. «Une garrantzitsuenetako bat argazki historiko bat egitea izango da, 50 urte hauetan klubeko jokalari izan edo nolabait klubean parte hartu dutenak bilduz», esan du Esnaolak. Ekitaldi horretan sorpresak ere izango direla gaineratu du.

Usabalgo saioa bukatuta, festak jarraipena izango du ondoko Laskorain Ikastolan. Bertan DJ batekin musika izango dute. Bide batez, pilota jaialdira joan eta gero ekitaldira joateko asmoa dutenentzat autobusa jarriko dute San Frantziskotik Usabalera joateko. Bestalde, euria eginez gero ere ez dela arazorik izango esan du Esnaolak, batean zein bestean aterpean izango direlako ekitaldiak. Izena eman nahi dunenak aukera du oraindik, eta horretarako Tolosa CF klubera deitu behar du. Dagoeneko 500 pertsonatik gora eman dute izena. «Ea 600 pertsonetara iristen garen», esan du Esnaolak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!