Herritarren erantzuna «oso ona» izan da

Imanol Garcia Landa 2022ko ira. 26a, 19:58

Saskibaloia izan da protagonista asteburuan Tolosako Usabal kiroldegian, emakumezkoen Euskal Kopa jokatu baita bertan.

Saskibaloi asteburu betea izan da Tolosako Usabal kiroldegian, emakumezkoen Euskal Koparekin. Estatuko ligan lehen mailan aritzen diren hiru taldek parte hartu dute eta IDK Gipuzkoak eraman du kopa, jokatutako bi partidak irabaziz. Lointek Gernika Bizkaia geratu zen bigarren, Kutxabank Araski taldeari irabazi baitzion elkarren arteko partida. TAKE klubak parte hartu du antolakuntzan, eta Goar Artetxe bertako kideak azaldu du «oso kontentu» daudela txapelketarekin: «Emakumezkoen saskibaloi profesionala Tolosara ekartzea, horrelako txapelketa bat jokatzeko, guretzako oso albiste pozgarria da». Herritarren erantzuna «oso ona» izan dela gaineratu du: «Harmailek oso itxura ona erakutsi dute, eta klubetik gure balantzea oso positiboa da».

Emakumezkoen kirolean pixkana pausoak ematen ari direla azaldu du Artetxek: «Aspaldidanik gure klubean mutil eta nesken taldeak ditugu eta bi arloetan estruktura guztiak osatuta ditugu. Guk egiten dugun lanari beste bultzada bat emateko erabaki genuen aukera ona zela emakumezkoen Euskal Kopa hau Tolosara ekartzea». Horrelako txapelketa bat herrira ekartzea «ohore bat» dela esan du Artxek, bai klubarentzako zein herriarentzako.

REDLINE MEKANIKA TAKE

TAKE klubeko mutilen lehen taldeak dagoeneko jokatu du bere lehen partida ofiziala. Zarautz taldearen aurka Euskal Koparen final zortzirenetako kanporaketa jokatu zuen, aurkarien etxean, eta 20 puntugatik irabazi zuen. «Oso partida zaila zen, zarauztarrak aurreko denboraldian maila bat gorago baitzeuden, baina oso partida borobila jokatu genuen, taldeak oso maila ona eman zuen eta emaitza bikaina lortu genuen», esan du Artetxek. Igande honetan, final-laurdeneko kanporaketa dute, Ardoi talde nafarraren aurka, Usabalen, 12:00etan. Irabaziz gero, kopako lauko finala jokatuko dute Redline Mekanika TAKEkoek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!