Ostegun honetan hasiko dira Amalur Jardunaldiak

Tolosaldeko Ataria 2022ko ira. 26a, 15:59

«Nazioarteko maila» duen egitaraua aurkeztu dute XVI. edizio honetarako; «luxu bat da», gaineratu du Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak. Euskarak, aldiz, presentzia urria izango du Amalur Jardunaldietan: hamar ekitalditatik bederatzi gaztelaniaz izango dira.

Bi hilabetez luzatuko dira Amalur Jardunaldiak. Berritasunak ere izango ditu aurtengo edizioak. Xehetasun guztiak gaur goizean aurkeztu dituzte Topic-en. Ekitaldi horretan ondorengoek hartu dute parte: Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak, Patxi Amantegi Tolosako Udaleko Ingurumen zinegotziak, Aitor Imaz Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakariak, eta Alberto Luengo Amalur Jardunaldien sortzaile eta sustatzaileak.

Zazpi hitzaldiz gain, horietatik bakarra euskaraz, prestakuntza jardunaldi bat, ikastaroa, ikuskizun bat eta erakusketa egongo dira. Hain zuzen ere hauek dira edizio honetako berrikuntzak.

Jose Ignacio Asensio foru diputatuak egitarauaren maila nabarmendu du: «Jardunaldi hauek balio iturri bat dira, eta Alberto Luengok Amalur jardunaldiekin lortu du gaur egun Europako agendaren erdigunean dauden trantsizio ekologikoaren balioak eta ideiak ikusgai jartzea, hala nola klima aldaketaren erronkak; biodibertsitatearen krisia; ekosistemen oreka; eta garapen jasangarriaren sustapena, gizartearen ongizatearen oinarri gisa hartuta».

Patxi Amatengi Tolosako Udaleko Ingurumen zinegotziak esan duenez, jardunaldiak bidaiatik abiatzen dira naturari, kulturari, ingurumenari, pertsonei eta errespetuari buruz hitz egiteko; «hau da, gogoeta egiteko Amalur Jardunaldiek urtez urte zabaldu eta sustatu dituzten eta gizartean funtsezkoak diren balioei buruz. Jardunaldiek klima aldaketa, erronka globalak eta biodibertsitatea azpimarratzen dituzte aurten, guztion konpromisoa eskatzen duten lehen mailako erronkak baitira». Amantegik gogoratu duenez, «ekintza klimatikoaren aldeko konpromisoan, Tolosako Udalak, Alberto Luengorekin batera, Biodibertsitate Gela du abian, herritarrek biodibertsitatearen kontserbazioan duten interesa eta parte-hartzea sustatzeko eta, horrela, Tolosa jasangarriago baterantz urratsak egiten jarraitzeko».

Alberto Luengok, bestalde, Tolosako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia izan ditu gogoan eskerrak emateko garaian. Horrez gain, «ezagutzari egiten diogun ekarpena, neurri handi batean, ingurumen gaien zabalkundetik» datorrela azpimarratu du. «Zeharkakotasuna eta gaurkotasuna» dira Amalur Jardunaldien bi ezaugarri nagusiak Luengoren esanetan, «eta are gehiago edizio honetan».

Ondo informatuta egotearen garrantziaz ere hitz egin du jardunaldien sustatzaileak: «Badakigu, azken ekintzara iristeko, hau da, natura ondarea eta bertan dagoen biodibertsitatea kontserbatzeko eta jasangarritasun postulatuen arabera ibiltzeko, aldez aurretik urrats batzuk egin behar direla, eta horietako bat dela ondo informatuta egotea. Erronka punta-puntan dagoen jendearekin informatzea da eta, aurten ere, Amalurrek lortu du».

Egitaraua:

  • Irailak 29, osteguna
    • 10:00-13:00. Prestakuntza jardunaldia, Topic-en. Gaztelaniaz. Aldaketa globalaren aurrean kontzientzia kritikoa garatzea. Javier Armentia, Ana Payo Payo eta Joaquin Nietoren eskutik.
  • Irailak 30, ostirala
    • 19:00. Hitzaldia Topic-en. Klima aldaketa, giza potentziala giza jatorriko krisi baten aurrean. Fernando Valladaresen eskutik. Gaztelaniaz.
  • Urriak 13
    • 19:00. Topic-en hitzaldia. Metabidaia. Miren Utrilla eta Gari Berasaluzeren eskutik. Euskaraz.
  • Urriak 14
    • 19:30. Josetxo Goia-Aribe, Mixel Ducau eta Marta Juanizen ikuskizuna: Viaje a pie.
  • Urriak 20
    • 19:00. Topic-en hitzaldia. Kongo ibaia. Iturrietatik itsasorako bidaia, Afrikako arteria handian barrena. Xavier Aldekoaren eskutik. Gaztelaniaz.
  • Urriak 27
    • 19:00. Topic-en hitzaldia. Errusia, gerrarako bidea. Erika Reijaren eskutik. Gaztelaniaz.
  • Urriak 28
    • 19:00. Topic-en. Hapa Na Sasa. Aqui y ahora. Sydney Possuelo eta Luis Miguel Dominguezen arteko elkarrizketa. Gaztelaniaz.
  • Azaroak 4
    • 19:00. Topic-en hitzaldia. Darwin eta Humboldt Ekuadorren: sumendiak, uharteak eta teoria zientifikoak. Juan Luis Arsuagaren eskutik. Gaztelaniaz.
  • Azaroak 25
    • 19:00. Udaletxeko areto nagusian. Viajar de oidas. Sonidos del mundo. Carlos de Hitaren eskutik. Gaztelaniaz.
  • Azaroak 25, 26 eta 27
    • Ikastaroa udaletxeko areto nagusian. Carlos de Hitaren eskutik, Naturaren soinua. Grabatzeko teknikak eta haien erabilera dokumentalean. Plaza mugatuak ditu ikastaroak, beraz, izena eman behar da.
  • Erakusketa Topic-en. Bidaiak; arkatz, paper eta tintazko uneak. USK Garabateando Bidasoaren eskutik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!