Arkaute eraikineko teilatua eraberritu dute

Ataria 2022ko ira. 27a, 07:57

Guztira, 107.190,20 euroko aurrekontua izan dute lanek, BEZ barne. Udalaren hurrengo pausoa eraikina barrutik erabat berritzeko proiektua egitea da.

Tolosako Udalak 2022 urteko aurrekontu proiektuan jasotako egitasmoak abiarazten jarraitzen du, eta ekainean, Arkaute eraikineko teilatua eraberritzeari ekin zion, egoera txarrean zegoelako eta segurtasuna bermatzeko eraberritze-beharra zuelako.

Obra hauen bitartez, maldadun teilatua eta estalki laua (terraza) eraberritu dituzte, eraikin baten kontserbazio lan gisa. Teilatuak ur sarrera puntualak jasan izan ditu eta, horrek urteetan sortutako narriadura kontuan izanda, teilatuaren azterketa orokorra egin zuten. Bertan aurreikusitakoa oinarri hartuta, egitura puntualki sendotu dute eta, urak eragindako kaltearen ondorioz hondatuta zeuden habexka batzuk ordezkatu dituzte.

Obra zuzendaritza Arretxe Aholkularitza enpresari esleitu zitzaion lizitazio bidez, eta eraikuntza lana, aldiz, IZ4 Guipuzcoa SL enpresari. Ekainean hasi zituzten obrak eta lanak aurreikusitako epean amaitu dituzte. Guztira, 107.190,20 euroko aurrekontua izan dute lanek, BEZ barne. Aurtengo aurrekontu proiektuan aurreikusia dago baita ere, eraikina barrutik erabat berritzeko proiektua egitea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!